Goienagusikoek Urko Barrosen hitzaldiarekin ekingo diote aurtengo programari

Maialen Torres 2015ko urr. 6a, 12:37

Goienagusikoek atzo eman zioten hasiera aurtengo ikasturteari. Arrasateko Etxaluze eraikinean bildu ziren eta bertan aurkeztu zuten hemendik urte amaierara bitartean egingo dituzten ekintzen programa. Aurtengoan, euskarari bultzada berezia eman nahi izan diote euren ekintzetan, eta urtez urte eskaintza indartuz joatea dute helburu.

Hainbat arlotako ezagutza handitzea, gaitasun intelektualak trebatzea, aisialdiaz gozatzea eta beste ideia eta pentsamolde batzuetara zabaltzea helburu hartuta hasi dute ikasturtea Goienagusikoek. Lehen hitzaldia Urko Barrosen eskutik jasoko dute bihar, eta hiru saiotan banatuta, Inkisizioak Euskal Herrian izandako eragina izango dute aztergai, besteak beste. Dena den, askotariko saioak antolatu dituzte. Zuzenbidea eta historia bezalako gaietatik abiatu, eta erlijioa edo zinema hizpide izateraino, bidaia luzea dute aurretik.

Aisialdiaz gozatzeko irteerak

Ezagutza aberasteaz gain, euren aisialdiaz gozatzeko hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Oraingoz, bi irteera egitea aurreikusi dute. Abenduaren bederatzian Gatzagara joango dira eguna pasatzera, eta bertan, herria ezagutzeaz gain, gatzaren museoa ere bisitatuko dute. Beranduago, abenduaren 14an, Bergarako Laboratorium museora ere joango dira.

Horretaz gain, kontzertuak ikustera joateko irteerak ere antolatzen dituzte, eta ez eurentzako bakarrik, animatzen den edonorentzako irekiak baitira ekintza horiek. Hurrengoa azaroaren 7an izango da, eta Donostiako Kursaalera joango dira Cubako Ballet nazionalak antzeztutako Beltxargen lakua ikustera. Bihar arte eman daiteke izena irteera horretarako, Etxaluzera bertara gerturatuta edo euren helbide elektronikora –goienagusi@gmail.com– idatzita.

Urtetik urtera gero eta jende gehiago erakartzen du ekimenak –95 bazkide ditu ditu dagoeneko–, baina klaseetako edukiera dela eta, 30 pertsona itxaron-zerrendan geratu dira aurten.

Urriko Egitaraua

  • Urriak 7, 14, 21: Urko Barros: La inquisición en el País Vasco (Etxaluzen)
  • Urriak 19: Juanjo Alvarez: El derecho Vasco (Bergarako Zabalotegin)
  • Urriak 26: Juanjo Alvarez: Familia y Europa (Bergarako Zabalotegin)
  • Urriak 28: Urko Barros: Historia de la España Islámica (Etxaluzen)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak