Aurreiritziak apurtzeko eskaera du aurtengo Atzegiren kanpainak

Ubane Madera 2015ko urr. 5a, 16:23

Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza leloa duen kanpaina aurkeztu du Atzegik, aurtengo sentsibilizazio kanpaina, alegia. "Kolektibo honen inguruan aurreiritzi eta estereotipo faltsuak existitzen dira, bai euren jarrerari buruz (…) baita euren bizimoduari dagokionean ere", adierazi du Josean Idoeta, ATZEGIko presidentearen. Hala, kanpainaren helburua da estereotipo horiekin apurtzea. Izan ere, Maite Peñak, Gizarte Politikako diputatuak azpimarratu duen moduan, "adimen urritasuna duten pertsonen egunerokoa ezezaguna da gutariko gehienontzat".

Estereotipo edo aurreiritzi horietako batzuk aipatu ditu Atzegiko presidenteak; jarrerarekin lotutakoak: "Maitagarriak dira, haurrak bezalakoak dira, ez dute iritzi propioa (…)"; edo bizimoduarekin lotutakoak: "Ez dute lanik egiten, ez dakite ondo pasatzen, ez dute lagunik…"

Halako aurreiritziak apurtzea abiapuntu, bada, galdetegi eta guzti dator aurtengo kanpaina, hain justu, adimen urritasuna duten pertsonen gainean dugun ezagutza maila neurtzeko, "modu dibertigarri eta ludikoan etxebizitza, lana edo aisialdiari" buruzko galderei erantzutea da proposamena. Webgunean daude galdetegiok: atzegi.org/horrelakoadanirebizitza.

Eskoletan ibiliko dira

Mitxel Lakuntzak, kanpainako koordinatzaileak, galdetegian parte hartzera animatzez gainera, jakinarazi du eskolatan hitzaldiak emango dituztela kanpaina horren barruan: “Eskoletarako galdetegiak sentsibilizazio erreminta bikaina izango dela uste dugu eta sare sozialetan parte hartzera gonbidatzen duten pegatinak ere egin ditugu bertan banatzeko”.

Horrez gainera, #HorrelakoaDaNireBizitza hashtag-a ere sortu du Atzegik eta adimen urritasuna duten pertsonei argazkiak bidaltzeko eskatuko zaie, euren bizitza nolakoa den ikus arazteko helburuarekin. Argazkiak Twitter, Facebook eta Instagram bitartez bidali ahal izango dira edota WhatsApp-eko 609 70 37 06 zenbakira.

Atzegi eredugarri

Goizean prentsaurrekoa egin dute Donostian hau guztiau azaltzeko. Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, Josean Idoeta, ATZEGIko lehendakaria, Mitxel Lakuntza, kanpainaren koordinatzailea eta aurtengo karteletako protagonistak diren Sergio Berné eta Lucía Juarez izan dira.

Hala, Peña diputatuak Atzegik egiten duen lana goraipatu du: "Adimen urritasuna duten pertsonen arreta eredua diseinatzerakoan ezinbesteko bihurtu da Atzegi".

Hark gogoratu du, Atzegik autonomia handia duela euren proiektu eta ekimenak aurrera ateratzeko eta hori txalogarria dela esan du. Eta berretsi du oso garrantzitsua dela administrazioak hirugarren sektoreko elkarteekin elkarlanean aritzea, eta bereziki Atzegiren eredua jarri du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak