'Zurekin hitz egin nahi dut' kanpaina aurkeztu dute Debagoieneko mintzapraktika egitasmoko kideek

Mirari Altube Arrese 2015ko urr. 5a, 12:07

Mintzapraktika programak abian jarri dituzte Debagoienean eta horren berri eman dute Aretxabaletako Barriketan, Arrasateko Zaharberri, Eskoriatzako Berbalagun eta Bergarako Berriketan taldeetako koordinatzaileek. Zurekin hitz egin nahi dut da aurtengo leloa, eta horren bueltan herritar mordoa elkartu gura dute.

Euskara maila hobetu gura dutenak edo euren inguruan euskaraz berba egiteko aukerarik ez dutenak euskaraz berba egiten dutenenekin elkartu eta berba egitea errazten duen proiektua da mintzapraktika.

Horren helburua da bizitzako arlo guztietan euskararen erabilera sustatzea. "Hizkuntza ohituretan eragitea, eta hiztun berriari, euskaraz berba egiteko zailtasunak dituenari… bidea erraztea eta euskal hiztun bilakatzea", diote koordinatzaileek. 

Era berean, laguntzaileek, hau da, euskaldun osoek, euren denbora, laguntasuna eta motibazioa eskainita momentu atseginak pasatzen dituztela gaineratu dute. Aurtengo leloarekin, Zurekin hitz egin nahi dut, gura dute mintzalagun egitasmoetara erakartzea herritarrak eta parte hartzera animatzea: "Praktikatu behar dutenei laguntzeko". 

Mintzapraktika taldeak

Berba taldea lau edo bost lagunek osatzen dute. Eta baldintza bakarra dago: astean ordubetez elkartu eta euskara praktikatu. Hori egin daiteke paseatzen dabiltzala, kafea hartu bitartean, kirola egiterakoan… Horretarako euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea komeni da. "Azken urteotako inkestek frogatu eta azpimarratu dute tresna interesgarria eta eragingarria dela euskaraz funtzionatzen duten harreman sareak eta ohiturak sortzeko", jakinarazi dute koordinatzaileek.

Bi motatako jarduerak antolatzen dituzte mintzapraktika programan: astean behineko taldeak eta hilabetean behineko saio osagarriak: ikasturte hasierako afaria, meriendak, irteerak, ikastarotxoak, Mintza Eguna… "Animatu! Lagun giroan astean ordubete atsegina pasatzeko beste modu bat duzue-eta!", diote.

Partaide izan gura dutenek edo argibide gehiago gura dutenek jo dezatela antolatzaileengana. Hona:

Arrasaten, AED elkartea: 943-77 12 28

Bergaran, Jardun elkartea: 943-76 36 61

Aretxabaletan, Loramendi elkartea: 943-77 09 70

Eskoriatzan, udaletxea: 943-71 46 88

Elgetan, udaletxea (edo Topagunea): 943-76 80 22

Oñatin ere badaude taldeak eta Elgetan lehenengoz sortu gura dituzte.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak