EAEko maratoi ornitologikoko lehen eta hirugarren sariak, bailaran

Monika Belastegi Aranzabal 2015ko urr. 4a, 14:42
Andoni Larrañaga, talde irabazleko kidea eta Ilaki Irizar, hirugarren egin duen taldekoa txapelak erakusten.

Bergarako Laboratorium museoaren baitan sortutako bi taldeek saria jaso dute atzo, zapatua, jokatutako Euskal Autonomia Erkidegoko I. Maratoi Ornitologikoan. 24 orduan identifikatutako hegazki-espezie kopurua aintzat hartuta, lehenengo eta hirugarren sariak eskuratu dituzte eta oso pozik daude emaitzarekin.

"Oso ondo pasatu genuen atzo hegazti-espezieak identifikatzen, eta gaur goizean deitu digutenean esaten lehen eta hirugarren sariak eskuratu ditugula, a ze ezustekoa hartu dugun", esan du Iñaki Irizarrek, Laboratorium museoko teknikariak.

Atzo, urriak 3, Hegaztien Nazioarteko Eguna izan zen eta horren harira publiko guztiari zabaldutako maratoi ornitologikoa antolatu zuten SEO/BirdLife-en EAEko ordezkaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Euskadiko Bioaniztasunaren Zentroaren, Urdaibai Bird Center-en eta Txingudi Ekoetxearen laguntzarekin.

Maratoia izanik, hegazti-behaketa berezia zen, eta helburua zen 24 orduz, Euskal Herriko edozein txokotan, ahalik eta hegazti-espezie gehien identifikatzea. Guztira bost taldek hartu zuten parte ekitaldian, eta Bergarako Laboratorium museoaren baitan sortutako bi taldeek –Bergarako eta Arrasateko kideez osatuta– Debagoienean barrena ibilita, guztira 60 espezie ezberdin identifikatzea lortu zuten. 

Iñaki Irizarrek, Laboratorium museoko teknikariak esandakoaren arabera, maratoi ornitologikoan parte hartzea erabat lotuta dago museoaren izaerarekin: "Herritarren parte-hartzea bultzatu nahi dugu naturaekin lotura duten ekintzekin; gure ingurua ezagutzera eman nahi dugu eta herritarrei ingurune horri beste modu batera begiratzeko aukera eskaini".

Datorren asteburuan familiendako

Datorren zapatuan, urriaren 10ean, familiendako ornitologia tailerra antolatu du Laboratorium museoak, Lehendabizi, laborategian, hegaztien morfologiara hurbilpena egingo da haurrekin; inguruko hegazti arruntenen ezagutza landuko da koaderno-gida txiki baten laguntzarekin. Ondoren, Errekalde jauregiko lorategian ibilalditxoa egingo dute parte-hartzaileek, hegaztiak behatzeko prismatiko eta teleskopioarekin; eta amaitzeko ,hegaztiendako gordelekuak diren kabi-kutxak egingo dituzte haurrek. 

Tailerra lehen hezkuntzako haurrentzat da egokia, taldeak adinaren arabera antolatuko dira eta txikienak gurasoekin etorri joan daitezke, zientzia zaletasun hori jarduera familiar gisa gozatuz. 

10:00etatik 13:00etara izango da. Eskualdeko haur guztientzat irekia da eta dohainekoa da. Izena emateko eta informazio osagarria eskuratzeko museora deitu behar da (943 76 90 03) datorren eguena, urriaren 8a, baino lehen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak