Udal euskaltegiek euskara ikastera eta erabiltzera gonbidatu dituzte herritarrak

Goiatz Arana Begiristain 2015ko ira. 15a, 16:15

Debagoieneko udal euskaltegiek 2015-2016 ikasturtearen aurkezpena egin dute goizean, Aretxabaletako udaletxean. Euskarak batzen gaitu leloa aukeratu dute oraingo honetarako eta bada berrikuntza bat, euskara ikasteko prozesuan abiatzen den ikaslearentzat "pizgarri interesgarria" izango dena: HABEko A1 eta A2 mailak egiaztatzeko aukera izango da.

Irailaren etorrerarekin, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Bergara eta Oñatiko udal euskaltegietan gertu daude ikasturte berrirako. Goizean egin dute aurkezpena, Euskarak batzen gaitu lelopean, euskaraz komunikatzeak herritarren arteko lotura sendotzen duela ziurtzat jota.

Eskaintza zabala dute esku artean, aurrez aurreko saioak eta auto-ikaskuntza batzen dituena: EGA ikastaroak, alfabetatzekoak, etorkinei zuzendutakoak, merkataritzan eta ostalaritzan dihardutenei bideratutakoak, guraso taldeak…

Berrikuntza nagusia

Azaldu dute, baina, gero eta gehiago, jendeak titulua ateratzeari begiratzen diola, euskara ikasteko motibazioa instrumenala dela, nagusiki, gaur egun, eta, horregatik, HABEko mailek osatzen dutela euren eskaintza nagusia. Bada, bide horretatik dator, hain justu, aurtengo nobedade nagusia: ikasturte honetan, lehen aldiz, A1 eta A2 mailak egiaztatzeko aukera egongo da eta horrek praktikan esan nahi duena da euskara ikasteko prozesua hasten duen ikasleak bere lehen helburua hasi eta berehala lortu ahal izango duela. Ia segurutzat jo daiteke, gainera, egiaztatze prozesu horiek euskaltegian bertan egingo direla, hiriburuetara joateko beharrik izan gabe, baita B1 mailakoa ere.

Euskara ikastearen garrantzia ez ezik erabiltzearena azpimarratu dute  eta aurten ere mintza taldeak osatzeko ahalegina egingo dutela gaineratu.

Datuei dagokienean, azken hiru ikasturteetan ez da aparteko gorabeherarik izan: 70 talde inguru izan dituzte eta 800 ikasletik gertu.

Erraztasunak

Udal euskaltegietako zuzendariekin batera, ordezkari politikoek ere esku hartu dute aurkezpenean, euskara ikasteko erraztasunak emate aldera hartu dituzten neurrien berri emateko. Eskoriatzan, adibidez, ordaindutakoaren %100 berreskuratzeko aukera izango dute ikasleek; eta Oñatin, aurreko kurtsoan beka lortu zuten ikasleek ordaindu zuten matrikularen %25 jasoko dute, berriz matrikulatuz gero.

Hilaren 25era arte eman daiteke izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak