Julen Landaluze aretxabaletarra beste Euskal Herri bat ere badela erakusten

Mirari Altube Arrese 2015ko ira. 5a, 08:00
Julen Landaluze txakolina zerbitzatzen.

Abuztuan jarri zuen abian Julen Landaluzek (Aretxabaleta, 1988) Donostian egoitza duen Aupa Hi! enpresa (aupahi.eus), eta ondo lanpetuta dabil ordutik. Azken lau urteotan Zurriolako surf eskolan lanean jardun eta gero, atzerritarrei beste Euskal Herri bat ere badela erakusten hasi da orain.

"Neure bizimodua eta lanbidea kontuan hartuta berez sortu zitzaidan ideia; izan ere, jende askorekin dut harremana, bertakoak eta atzerritarrak. Pena handia ematen dit kanpotik gurera etorri eta Donostian eta Bilbon geratzea bakarrik". Horregatik oporretan Euskal Herrira datozenei bestelako eskaintza egiten die.

Kirola, jatekoa eta parranda

Txapela buruan eta zapia lepoan ibiltzen da hara eta hona furgonetarekin. "Geure ezaugarriekin identifikatze aldera janzten ditut; geurea, bertakoa, oso garrantzitsua dela iruditzen zait-eta", dio. Bi eratako irteerak eskaintzen ditu egun-pasak eta bi egunetakoak. "Bi aukera horiek bakarrik ditut oraingoz; batetik hasiberria naizelako, eta bestetik, jende asko egun gutxi batzuetarako etortzen delako", argitu du, eta gaineratu: "Bi kasuetan euskaldunok zer garen eta zelan bizi garen erakusten ahalegintzen naiz".

Kirola, gastronomia eta parranda dituzte oinarri irteerok. "Surfa eskaintzen dut, baita stand paddle ere, hau da, surf taula gainean arraun batekin jardutea", dio. Bertan ekoiztutako produktuak bezalakorik ez dagoela uste du, kalitate ezin hobea dutenak. Eta kirola eta jatekoa errematatzeko parrandarako gertu dago: "Edozein eskaera eta nahietara moldatzen naiz, energia izanez gero behintzat, eta oraindik hori lepo dut". Irteera ezberdinak ditu aukeran; beste batzuen artean, Bizkaia aldera, Gipuzkoako kostaldera eta Debagoienera: "Aretxabaletako Galartza auzoko Etxezuri baserrian ogia eta gazta zelan egiten dituzten erakutsi, gero ortu batera joan eta Aramaioko sagardotegian bazkaldu. Paisaia dotoreak ditugu hemen, aparteko jatekoa eta jende jatorra; zergatik ez erakutsi hori? Jende asko ez da kontziente zer daukagun".

Suediarrek bertan bizi gura

Suediarrekin, poloniarrekin eta Japoniatik etorritakoekin jardun du lanean azken asteotan. Suediako boskotearekin Urdaibai inguruan izan zen; Lekeitio, Ondarroa eta inguruak erakutsi zizkien. Poloniarrak, ostera, Zumaia eta Getaria aldera eraman zituen surfean egin eta pilotan jokatzera. "Ondo pasatzeko gogoarekin etorri dira guztiak eta oso gustura ibili dira. Pentsa, suediarrek bertan geratu gura zuten bizitzen!", dio barrez.

Uda partean atzerritarrekin jarduteko asmoa du, baina neguan ere ez du geratu gura eta euskal herritarrei egingo dizkie eskaintzak. "Negua luzea da gurean eta bertakoei bizipoz apur bat eman gura diet bestelako irteera hauek eskainita; bertako jendea modukorik ez dago-eta!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak