Debagoiena, turisten lo-leku eta abiapuntu

Jon Berezibar 2015ko abu. 30a, 20:23

Uda bereak egitear den honetan, jada esan daiteke bereziki distiratsua izan dela sasoia turismoari dagokionez. Aipatu denez, barne-turismoan nabaritu da aurten bultzada eta hori berresteko moduan daude gurean ere. Eskoriatzan Gorosarri landetxean eta Arantzazuko Sindika eta Arantzazu hoteletan abuztua eta, batez ere, uztaila okupazio betekoak izan direla diote. Udan ordea, oraindik ere, Debagoiena gaua egin eta Euskadi ezagutzeko oinarrizko kanpamendurako kokaleku da; turistak, ez ei dira horrenbeste animatzen bertako txokoak ezagutzera. 

Turismoak gora egin du uda sasoian eta Debagoienean ere nabaritu da hazkuntza. Aste Santutik udara arteko datuek baikor egoteko moduko aurreikuspena zekarten eta uztailean jadanik gainditu egin zen prebisioa. Probintzia osoan %9,6 hazi da okupazioa 2014ko uztailarekin konparatuta eta Debagoienean ere, datu guztiak oraindik batzeke, inpresioa hori da. Eskoriatzako Gorosarri landetxeko Alex Perezi uztaila egin zaio deigarria, beteta izan baitute etxea hil guztian. Apartamendu txikiak dituen landetxea da Gorosarri talde ala familientzako prestatua; egonaldietara begira gehiago. Uztail eta abuztua beteta, Perezek uste du Donostian eta kostaldean egon den betekadak izan duela tirakada barnealdean.

Ane Gaztañaga eta Alex Perez, Gorosarri sarreran.

Arantzazu hotelean galdetuta, erantzuna berdina da: "goraino, udako hiletan". Bertako langilea den Jabi Odriozolak, Arantzazu ingurua oporraldia egiteko oinarrizko kanpalekua ezartzeko toki gisa ezin hobea dela ikusten du eta euren bezeroek horixe egiten dutela. "Udan turistak ez dira Debagoiena ezagutzera etortzen", Odriozolak azaltzen duenez, eta "Donostiara, Hondarribi eta Baiona aldera" egiten da ei txangoa. Neguan, ostera, profila aldatu eta Oñati, Arrasate eta Bergarara jaisten dira bisitariak, antza. Udako bisitariak gehien bat Estatutik datozela dio Odriozolak eta orain arte ohikoenak madrildarrak eta kataluniarrak baziren, aurten Andaluziatik bisitari asko etorri ei da; "freskotasunaren bila eta hiriburuak ezagutzera", plan nagusi bezala. 

Pilar Otxoa, Sindika hotelean.

Arantzazu hoteletik aldatsean gora, Sindikan, Pilar Otxoak berretsi egiten ditu Odriozolaren berbak. Halaber, badio azken urteetan aldaketa egon dela turismo joeretan Arantzazu inguruari dagokionez eta lehen udan egun-pasa egitera zetozen euskaldunak baziren nagusi, gaur egun Espainiatik datozela bisita gehienak udan eta aurten bereziki, Arantzazu hotelean bezalaxe, andaluziarrak. Otxoak dio kokapenaz gain, prezioak ere baduela eragina barnealdea aukeratzeko orduan. Hala eta guztiz ere, Arantzazu ezagutzen dutenean "oso gustura" egoten omen dira eta berak beti gomendatzen ei die bertan egonda Urbiara igotzeko. "Leher eginda baina oso pozik" jaisten dira hotelera, Sindikakoak barrez kontatzen duenez. 

Jabi Odriozola.

Lasaitasun hori ere Gorosarrin aurkitzen dute, Arlabanen. Apartamendu banatuak dituztenez, egonaldi luzeagoak egin ohi dituzte han ostatu  hartzen dutenek. Ane Gaztañagak azaltzen duenez, "Euskadi ezagutzeko, kokapen ona da ze aukera ematen die turistei hiriburuetara joateko eta baita, kostaldez gain Araba eta Errioxara ere jotzeko".  Gaztañagak dioenez, "bertakoek hainbeste balioetsi ez arren, oso gustuko" dutela bisitariek barnealdea; "adibidez, Landako urtegia, Oñati bera ala Leintz Gatzaga". Jatorriari begira eta egonaldi luzeagoak kontuan hartuta, Gaztañagak kalkulatzen du aurten udan etorri zaizkien bisitarien %40 estatutik etorri dela – andaluziarrak nobedade aipagarri han ere – eta Europa mailan Herbehereak, Belgika eta Danimarka nabarmentzeko moduan. Gaztañagak zehazten duenez, "frantziarrak ere asko datoz baina gau bakarra egiteko, geldialdia egiten dute Espainiarako ala Portugalerako bidean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak