Orain arte protagonismoa edukita, ihesaldiak eta erlojupekoa ditu buruan Markel Irizarrek

Julen Iriondo 2015ko abu. 30a, 20:58
Markel Irizar, Vueltako podiumean, lehiakortasunaren saria jasotzen.

Domekan, Cumbre del Sol-en amaitutako Vueltako bederatzigarren etaparen ostean erantzun dio txirrindulari oñatiarrak Goienaren deiari. Lasterketako lehen astean protagonista izan da Irizar, laugarren etapako ihesaldiaren ondoren txirrindulari lehiakorrenaren saria eman ziotelako, batetik, eta disko-galgadun bizikleta ibili duelako bi aldiz proba modura, bestetik. Nekatuegi ez dagoela eta, indarrez iritsi nahi du hamazazpigarren etapako Burgosko erlojupekora; beste ihesaldiren bat hartzeko itxaropena ere badu. Taldearentzat, berriz, aitortzen du lasaitua izan zela atzo irabaztea, nahiz eta egunak zapore gazi-gozoa utzi.

"Kristoren paretatzarra zen", zioen Irizarrek, behin taldeko kotxean, bederatzigarren etapako amaierari buruz. Atzodanik, bai taldea eta bai bera, lasaiago, Jasper Stuyven taldekidearen garaipenagatik, nahiz eta aitortu gazi-gozoa izan zela atzoko eguna, eta ez zuela lagunaren garaipena nahi bezala dastatu, bi arrazoigatik: Stuyvenek berak etxerako bidea hartu behar izan zuelako etapa amaieran –eskafoidea apurtuta; hala irabazi zuen–, eta Kris Boeckmans belgiarraren eroriko larriaren lekuko izan zelako –Trek taldeko bost erori ziren Lottokoaren eroriko berean, tartean bera eta eskafoidea hautsi zuen Stuyven–.

Taldekideari buruz dio: "Jasperrek irabazi zuenean pentsatu genuen: 'Orain ondo dagoela, agian irabazi ditzake beste bat edo bi, ze esprinterrik ez dago". Baina lasterketa utzi behar, "faena". Erorikoari buruz, "ia shock egoeran" geratu zela dio, Boeckmans ikusita: "Pentsatzen nuen hilda zegoela; ikaratuta".

"Oso egun txarra" pasatu zuela dio: "Ez nuen batere gozatu garaipena".

Dena dela, bestela, onartzen du Irizarrek garaipena primeran etorri zaiola taldeari: "Estresa genuen; ez dugu asko disfrutatu orain arte, eta ederki datorkigu". Aurrera begira, sailkapen nagusirako txirrindularirik gabe, ihesaldietan sartzen eta beste etaparen bat irabazten saiatuko direla dio oñatiarrak; gaur sartu dute gizon bat ihesaldian: "Bihar ere saiatuko gara".

Falta denerako itxaropentsu

Bera, pertsonalki, nahikoa ondo dagoela dio: "Tourra eta gero ez da erraza, ze ez dut prestaketa hoberena egin, ze hiru aste izan ditut atseden hartu eta entrenatzeko; baina espero baino hobeto nago. Aurtengo bigarren handia da, eta saiatzen ari naiz ahal dudan dena gordetzen, ihesaldian ez nagoenean edo taldekideak kokatu ditudanean ahal den lasaien hartzen, ahal den indar gutxien gastatzen, erlojupekoa topera egiteko asmoa dudalako, Burgoskoa, eta esperantza badut oraindik beste ihesaldi baten ere sartzeko". Dio berriz ihesaldian sartzen bada eta ihesaldia helmugara iristen bada, indar guztiak ondo etorriko direla, "errematatu nahi izanez gero". Oso nekatuta ez dagoela dio: "Esperantza badut oraindik mugitu ahal izango dudala, eta zerbait irtengo dela".

Laugarren etapako ihesaldian sartu zen Trekekoa, eta 200 kilometro egin zituzten tropelari aurrea hartuta, amaieran irentsiak izateko, hori bai; baina: "Nahikoa ondo sentitu nintzen. Sentsazio nahikoa politak ditut. Orain arte ihesaldi bakarra iritsi da; nik uste laster hasiko direla iristen, agian bihar, eta bihartik aurrera, Andorran ezik, aukerak egongo dira, eta nik uste ondo iritsiko naizela. Eta behin ihesaldian egonda, indarrek erabakitzen dute, baina zorte kontua ere bada".

Irizar protagonista izan da, baita ere, proba modura disko-galgadun bizikleta ibili duelako seigarren eta zortzigarren etapetan. Probarekin gustura geratu da Irizar: "Oraindik gauza batzuk fintzeko daude; adibidez, astunagoak dira, kilo erdi gehiago dute"; baina "etorkizuna" hortik joango dela dio oñatiarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak