Realak 5-0 irabazi du EDF Logroñoren aurka Agorrosinen jokatutako lagunartekoan

Maite Txintxurreta 2015ko abu. 27a, 15:08

Jende dezente batu zen harmailetan Bergara Kirol Elkarteak antolatutako norgehiagoka ikusteko asmoz. 2008an sortutako taldea da Escuelas de Futbol Logroño, eta bigarren mailan ari da gaur egun.

Norgehiagokaren hasieratik gipuzkoarrek izan zuten partiduaren gaineko kontrol ia erabatekoa, eta Logroñoren zelai erdian mugitu zen batez ere baloia. Aukerak ere sortu zituzten, argiena Nahikari Garciaren eskutik hamargarren minutuan. Lehen zati aparta egin zuten txuri-urdinek. 26.ean estreinatu zuen markagailua Maialen Zelaia donostiarrak, atezainaren aurrean bakarrik zegoela baloia sareetara bidaliz.

Lehen zatiaren amaiera aldera  bikain aritu zen Igor San Migelek zuzendutako taldea, eta hiru gol egin zituen ia segidan.  37. minutuan Athletic-eko jokalari ohi Izaskun Leoz-ek sareratu zuen baloia. Aurkariek sakea egin eta berehala, gipuzkoarrek baloia errekuperatu zuten eta Zelaiaren bigarrena iritsi zen. Horren ostean, 40. minutuan, Leozek berriro ere egin zuen gola.

Azken bost minutuetan aukerak sortzen jarraitu zuen errealak, eta Logroñoren abagunerik onena ere orduan iritsi zen, baina Cristina Cornejo atezainak gola ekidin zuen. Azkenik, lau goleko abantailarekin joan ziren aldageletara txuri-urdinak.

Atsedenalditik bueltan, ikusleek ez zuten gehiegi itxaron behar izan beste gol bat ikusteko. 5. minutuan etorri zen hau, Nahikari Garciaren eskutik.

Bost eta hutsekoarekin, Realak intentsitatea apur bat jaitsi zuen, baina baloiaren jabetza mantentzen jarraitu zuten, eta ondo defendatu zuten lortutako abantaila zabala. Errioxarrek ez zuten ia aukerarik sortu bigarren zatian, eta zelai erdia gainditzeko ere arazoak izan zituzten.

Denboraldi berriari begira

Denboraldi-aurreko bigarren garaipena lortu zuten Agorrosinen txuri-urdinek. Orain arte partidu bana irabazi, berdindu eta galdu dute, eta asteburu honetan jokatuko dute azken lagunartekoa Añorgaren aurka.

Igor San Miguel entrenatzaile berria pozik zegoen partiduaren amaieran taldeak egindako lanagatik, eta jokalarientzat ere atzoko garaipena positiboa izan zen. Taldea datorren Ligarako ondo ikusten duela adierazi zuen Eguzkiñe Peña aurrelariak.

Joan den denboralditik zazpi baja izan ditu taldeak, eta horri aurre egiteko beste hainbeste fitxaketa burutu ditu. Talde berritua izango du beraz errealak hastear den denboraldian. Titay Calvo, Ane Etxezarreta, Nuria Mendoza, Paola Soldevila internazionala, Iraia Iparragirre, Izaskun Leoz eta Manuela Lareo, Manu, dira heldu berriak.

Hurrengo domekan, irailaren seian, hasiko du Realak 2015-2016 denboraldia. Fundación Albacete taldea hartuko dute etxean, Zubietan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak