Jeltzaleen eta sozialisten esku lurraldeko hiri hondakinak kudeatzeko sozietatea

Eneko Azkarate 2015ko abu. 26a, 10:11
GHK sozietatearen infografia, hiri hondakinak tratatzeko lurraldean dauden azpiegiturak azaltzen dituena.

EAJk eta PSE-EEk kontrolpean dute dagoeneko Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko, kontsortzioak sortutako merkataritza sozietatea: GHK. Hain justu ere, Gipuzkoako diputatu bi izango dira lehendakaria eta lehendakari ordea. Jose Inazio Asensio (PSE-EE) Ingurumen diputatua izango da Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakaria eta Imanol Lasa (EAJ) Gobernantza eta Komunikazio diputatua, berriz, lehendakariordea. Sozietateak atzo egin zuen batzar orokorra eta hantxe aukeratu zuten kontseilu berria.

Gipuzkoako hondakinen kontsortzioaren batzarra ez da erabat eratu oraindik, Gipuzkoako mankomunitate guztiak eratzeke daudelako. Bi eratu dira, horietako bat Debagoienekoa; uztailean eratu zen. Kontsortzioak merkataritza sozietate bat du hiri hondakinen kudeaketarako. Eta hor daude mankomunitateetako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko  ordezkariak.

Epelera bisita

Atzo egin zuen sozietate horrek agintaldiko lehen batzarra eta arduradun berriak aukeratu zituen. Aurreko agintaldian, eta atzo arte, Bilduk izan du erabateko gehiengoa GHK sozietatean. Ainhoa Intxaurrandieta eta Imanol Azpiroz izan dira lehendakaria eta lehendakariordea, hurrenez hurren. Astelehenean, lanak ia amaitzear dituen Epeleko konpostatze plantaren nondik norakoen berri ematen izan ziren Angiozarreko plantan bertan.

Birziklatze tasak gora

Azkeneko agintaldian emandako "aldaketa kuantitatibo eta kualitatiboa" nabarmendu zuten biek, datuetan oinarrituz. "Gipuzkoak, hondakinen kudeaketa iraunkorraren alorrean, izugarrizko urratsak eman ditu urteotan" adierazi zuen Intxaurrandietak. Agintaldi honetan lurraldean gaika bildu den materia organikoa %600 hazi dela, errefusaren sormena %30 jaitsi dela eta gaikako bilketak %15 egin duela gora adierazi zuen. Eta mezu bat helarazi nahi izan zien GHK gidatuko duten arduradun berriei: "Datu hauek eskutan, espero dugu  GHK-ko agintari berriek azken urte hauetan emandako urratsei eustea, eta hondakinen kudeaketa iraunkor eta garbi baten aldeko apustua egitea".

Jeltzaleek eta sozialistek errauste planta

Maiatzeko hauteskundeen ostean, jeltzale eta sozialisten esku izango da sozietatea eta Zubietako errauste planta eraikitzea izango da agintari berrien helburua, hala adierazi dute-eta hauteskundeen aurretik eta Foru Aldundian ardurak hartu ostean ere. Gipuzkoako erakundeetan gehiengoa duten EAJ eta PSE-EEkoak lehenbailehen berritu nahi izan dute lurraldean hiri hondakinak kudeatzeko ardura duen sozietatea. Paradoxikoa den arren, kontsortzioa bera Bilduk gobernatzen jarraituko du, harik eta irailean edo urrian, mankomunitate berri guztiak eratu ostean, kontsortzioko organo berriak berritu arte. Ainhoa Intxaurrandietak berak jarraituko du izaten kontsortzioko burua.



Jos Inazio Asensio, GHKko lehendakari berria (Argazkia: Tolosaldeko Ataria).

Atzo GHK sozietateak egindako batzarrean, lehengo eta oraingo batzarkideak izan ziren, baina Diputazioaren ordezkariak nahikoa izan ziren aldaketak gauzatu ahal izateko. Aldundiak hiru ordezkari ditu batzarrean eta gainerako mankomunitateek beste hiru.

Sozietateko zuzendari nagusi berria Cesar Gimeno izango da eta administrazio kontseiluko bokalak honako hauek:

  • Felix Asensio (PSE-EE)
  • Carlos Ormazabal (EAJ)
  • Arcadio Benitez (PSE-EE)
  • Jaime D. Marcaya (EAJ)
  • Mikel Duran (PSE-EE)
  • Aitor Aldasasoro (EAJ)
  • Miguel Buen (PSE-EE)
  • Juan Maria Altuna (EAJ)
  • Ainhoa Intxaurrandieta (EH Bildu)

GHK sozietateko batzarrean erakundeek duten ordezkaritza maila:

  • Gipuzkoako Foru Aldundia: %33
  • San Markoko mankomunitatea: %29
  • Txingudiko mankomunitatea: %7
  • Debabarreneko mankomunitatea: %7
  • Debagoieneko mankomunitatea: %6
  • Sasietako mankomunitatea: %6
  • Tolosaldeko mankomunitatea: %5
  • Urola Kostako mankomunitatea: %4
  • Urola Erdiko mankomunitatea: %3

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak