San Bartolomeak Angiozarko Zabaletan

Maite Txintxurreta 2015ko abu. 25a, 14:45

San Bartolome jaiak ospatu zituzten atzo Angiozarko Zabaleta auzoan. Urteroko eguerdiko mezarekin hasita eta ondorengo luntxarekin jarraituz, gaueko ordu txikiak arte egitarau betea izan zuten bizilagunek.

Arratsaldean, esaterako, jende ugari bildu zuen bolo txapelketak. Azken egunotan hainbat bizilagun bolatokia jaietarako prestatzeko lanetan aritu dira, eta haien esfortzua ez zen alferrikakoa izan.

Hogeita hamasei parte hartzaile aritu ziren guztira, eta Javier Errarte izan zen txapelduna, urdaiazpikoa eta ehun euro eraman zituelarik etxera. Gainontzeko lehen lau sailkatuek ere saria izan zuten. Soraluzetik etorritako Ignacio Peñín azpi-txapelduna izan zen atzo.

Bertsoak eta erromeria

Sari banaketaren ostean, zazpietan, bertso saioa hasi zen, aurtengo nobedadeetako bat. Ane Zuazubiskar arrasatearra eta Maider Arregi oñatiarra aritu ziren mikrofonoaren aurrean. Bolo txapelketa, auzoa aurkitzeko arazoak eta aparkatzeko komeriak izan zituzten hizpide besteak beste, eta auzotarrek ederki pasatu zuten, baita bertsolariek beraiek ere.

Aspertzeko tarterik utzi gabe, saioa amaitu eta berehala Elustondo anai-arreben erromeria hasi zen. Gero, bederatziretan, auzo afaria egin zuten, aurten lehenengoz, eta ondoren erromeriak gaua girotzen jarraitu zuen.

Horrela, datorren urtera arte agurtu zituzten San Bartolomeak Zabaletako auzotarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak