Facebook bitartez egindako ustezko bi xantaia kasu, Debagoienean

Ubane Madera 2015ko abu. 3a, 17:15

Zenbat bider izaten dugun internetekin lotutako mehatxuen edo delituen berri. Sarri, baina, halakoak pelikulekin lotzen ditugu bakarrik. Zoritxarrez, oraingo honetan halako biren berri izan da gure eskualdean. Bi lagunek salaketa jarri dute, hain justu ere, Bergarako polizia-etxean, biek ala biek xantaia jasan dutela salatuz. Ikerketa zabalik dagoela jakinarazi du Segurtasun Sailak.

Bere identitatea babestu nahi duen biktimetako batek kontatu duenez, xantaia-egileek Facebook sare soziala erabiltzen dute norbere ordenagailura sartu, ordenagailuan gordeta dagoen artxibo konprometituren bat hartu, eta hura Youtuben publiko egingo dutela mehatxatzeko, harik eta 3.000 euro ordaindu ezean. Eta artxibo konprometiturik ezean, pertsona horren ordenagailua bera formateatu, borratu, egingo dutela mehatxatzen dute.

Boli Kostako helbidea

Bergarako gaztearen kasuan, bera eta neskalaguna azaltzen ziren bideo bat baliatu dute xantaia egiteko, eta Boli Kostako helbide bat helarazi diote ordaindu beharreko 3.000 euroak bertan sar ditzan. Bergarako gazteak, baina, bazuen antzerako xantaia baten berri, eta gaizkileekin Facebook-etik harremanetan segitu zuen, harik eta poliziarengana joatea lortu zuen arte. Gaizkileek, 500 euroraino jaitsi zioten ordaindu beharreko kopurua bien bitartean.

Bideoa zabalduz gero, arriskua

Kontuak kontu, Bergarako gazteak salaketa jarri du eta ez du ezer ordaindu. Momentuz, ez du bideoaren zabalkundearen berririk izan. Hori bai, abisua helarazi gura die, kasu honetan, Facebook-eko erabiltzaileei, ez dezaten lagun izateko edozein eskaera onartu, eta bereziki, ez dezaten ezaguna ez den norbaiten bideorik zabaldu. Izan ere, beste norbaiten bideoa zabalduz gero, norbere ordenagailura ere sartzeko bidea ematen zaie gaizkileei.

Segurtasun gomendioak

Segurtasun Sailarekin harremanetan jarrita, jakinarazi dute mehatxu hauen gaineko ikerketa zabaldik dutela eta gogora ekarri dute halako kasuetarako badirela kontuan hartu beharreko segurtasun neurri batzuk.

Honako hauek dira nagusiak: 

  • Suebaki programa instalatzea. Suebakia ordenagailuaren eta sare baten, kasu honetan internet, artean oztopo gisa jarduten duen gailu fisikoa edo programa da. Merkatuan hainbat produktu daude, baina segurtasun maila onargarria duten eta norberaren erabilerarako diren doako produktuak ere badaude.
  • Antibirusa instalatzea. Interneteko birusak ordenagailuarentzako mehatxu larrienetako bat dira, izan ere, kalte handiak eragin dituzte. Antibirusa etengabe eguneratzea oso garrantzitsua da, hilean bostehun birus berri baino gehiago agertzen direlako. Horrek esan nahi du, programa instalatu baino egiten ez badugu eta ez badugu eguneratzen birus berrientzako zaurgarriak izango garela.
  • Sistema eragilea etengabe eguneratzea. Sistema eragileetan askotan aurkitzen dira segurtasun zuloak eta ekoizleek eguneratzeak eskaintzen dituzte arazo horiek konpontzeko.
  • Aldian-aldian ordenagailuko edukiak kopiatu behar dira, ahal dela ezaba ezin daitekeen sistema batera kopiatu behar dira, esate baterako, CDR sistemara.
  • Ez aurreikusi posta elektronikoko mezuak; horrela, birus jakin batzuen jarduna eragotziko baita, izan ere, mezuak aurreikustearekin bakarrik jarduten dute.
  • Ez irakurri ezezagunen mezu elektronikorik, batez ere tokikoa bertakoa ez den hizkuntzaren batean badator. Ingelesez idatz diezazukeen lagunen edo ezagunen bat duzu?…
  • Ez instalatu iturri ezezagunetako edo ez oso fidagarrietako programak, inork ez baitu ziurtatzen programok eraldatuta ez daudenik eta nahi ez den ekintzarik egingo ez dutenik. Erabili jatorrizko softwarea. Merkatuko programa guztientzako alternatiba merkeak daude, baita doakoak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak