Uztailaren 30etik abuztuaren 2ra espero da ibilgailu mugimendu handiena irteera operazioan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 30a, 16:00

Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzak uztailaren 30etik abuztuaren 2ra bitartean espero da uda sasoiko mugimendu handiena Euskal Autonomi Erkidegoko errepideetan. 550 agente inguru arituko dira lanean erkidego osoan irteera zein itzulera operazioetan. Gurean, AP-1 autobideko Eskoriatzako puntuan lau erreiak zabalik egotea albiste ona izan da abuztuan nabarmen zirkulazioa hartzeko. 

Uda sasoian 3.350.000 ibilgailu ibiliko dira erkidegoko errepideetan, nazioarteko zein bertako zirkulazioa aintzat hartuta. Eta datozen egunak egunak izango dira, Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzaren  arabera, ibilgailu gehien batuko dituztenak. AP-8 eta AP-1 autobideak kudeatzen dituen Bidegi agentziaren arabera, Irungo ordainlekuak urte osoko zirkulazio handiena izango du asteburu honetan, hiru egun horietan 160.200 ibilgailu inguru espero baitira.

Izan ere, gaurtik domekara bitartean espero dira irteera gehien, eta itzulerako operazioari dagokionez, abuztuaren 15an eta 16an aurreikusten dira trafiko-fluxu handienak. Abuztuaren 17tik 23rako eta 24tik 30erako asteetan ere mugimendu handiak espero ditu Trafiko Zuzendaritzak. 

550 agente inguru

Ertzaintzak, bestalde, irteera zein itzulera operazioetarako 550 agente inguru bideratuko ditu eta gogora ekarri dute autobideetako mezu aldakorren paneletan auto-ilara eta bestelako arazoen berri emango dutela uneoro. Era berean, gogoratu dute erabiltzaile guztien eskura dagoela ,24 orduz, 011 arreta zenbakia, eta Trafikoa.net webgunea. 

Normaltasuna AP-1 autobidean

Debagoienean, irteera operaziora begira albiste ona izan da erabiltzaileendako AP-1 autobidea osorik zabaldu izana. Uztailaren 24ean ireki zituzten bide guztiak Eskoriatzako puntuan, martxotik luizi baten ondorioz itxita egon ostean. Luiziaren ondorioak konpontzeko lanak amaitu ez badira ere, zirkulazioa normaltasun osoz dabil bi noranzkoetan. 

Ohiko gomendioak

Bestalde, ohi bezala hainbat gomendio eman ditu Segurtasun Sailak datozen egunotan autoa hartu behar dutenei: komeni da bidaia era egokian planifikatu eta zirkulazio handieneko orduetan errepidera ez irtetea. Lasai gidatzea, beharrezko atsedenak egitea eta abiadura errepide bakoitzari egokitzea ere funtsezkoak dira. Eta noski, ibilgailua behar bezala prestatzea garrantzitsua da ezustekorik ez gertatzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak