Aizkorri-Aratz parkea eremu berezi izendatzeak kalte egingo die bailarako hainbat lur jaberi

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 17a, 17:00

Aizkorri-Aratz natura parkea Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeak Debagoieneko lur jabeengan izango dituen ondorio kaltegarrien gainean berba egiteko bilera egin zuten atzo Eskoriatzako Auzo-Etxe elkartean. 85 lagun elkartu ziren proiektuaren gaineko informazioa jaso eta alegazioak nola aurkeztu erabakitzen hasteko. Kaltetuek salatu dute Jaurlaritzak ez duela eurekin kontatu proiektua egiteko orduan eta alegazioak aurkezteko epea ere oso motza dela. Abuztuaren 13a baino lehen aurkeztu beharko dituzte alegazioak.   

Ekainaren 12an publikatu zen Aizkorri-Aratz natura parkea Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu eta eremu horri dagozkion kontserbatzeko neurriak onartzen dituen Dekretu proiektua eta abuztuaren 13ra arte ireki zen alegazioak aurkezteko epea. Natura parke osoaren %47 inguru Debagoieneko herrietakoa da. Oñatin 4.237 hektarea egongo lirateke KBE eremuan, Eskoriatzan 1.573 hektarea, Aretxabaletan 994 eta Leintz Gatzagan, azkenik, 784 hektarea.  

Bilera alegazioak aurkezteko

Hori horrela, izendapenaren ondorio kaltegarriak jasango dituzten lur jabe pribatuek bilera egin zuten atzo Eskoriatzako Apotzaga auzoko Auzo-Etxe elkartean. Aizkorri Aratz natura parkeak balio natural handia badu, neurri handi baten urte luzez eurek egindako lanari esker dela uste dute: "Izendatu badute eremu berezi hori izan da bai guk eta bai gure arbasoek horrela mantendu dugulako. Baina orain datoz inposizioak, debekuak... Ohitura, usadio eta erabilpen batzuk daude eta horiek guztiak aldatu nahi dizkigute", adierazi du Eskoriatzako lur jabe pribatu Juan Karlos Belokik. 

Debeku eta aldaketa asko

Debekuen eta aldaketen artean itxituren gaia aipatu du, besteak beste, Juan Karlos Belokik: "Debeku asko datoz dokumentuan, baina bat izan daiteke itxiturena. Lursailaren jabeak itxitura orain arte egin du mugarritik mugarrira; bada, ez, dokumentuan esaten dute egin behar dela hor dauden kontserbatu beharreko animalia edo landareen arabera... Aldaketa handiak datoz". 

Bestalde, KBE izendapena lortzeko proiektuaren dokumentua oso teknikoa eta ulertzeko zaila dela salatu dute lur jabeek: "Ezagutza behar da dokumentuan dauden hitz teknikoak ulertzeko; gaiaz dakien norbaitekin egon behar gara", dio Belokik. 

Informazio eza

Atzoko bilerara 85 lur jabe agertu ziren, deitzaileek espero baino asko gehiago. Bi erabaki nagusi hartu zituzten. Batetik ahaleginak egingo dituzte Eusko Jaurlaritzako arduradunen bati euren ikuspuntua adierazteko. Adierazi gura diete teknikariek proiektua egiteko hainbat ikerketa egin dituztela baina inor ez dela arduratu betidanik hori mantentzen aritu diren lur jabeekin egoteaz. 

Proiektuak lurren ustiapenean betidanik mantendu diren ohiturak aldatuko dituenez, Jaurlaritzako norbaitekin egon gura dute euren kezka azaltzeko, baina oso egun gutxi dituzte alegazioak aurkezteko. Horregatik epe hori atzeratzea eskatzen dute. 

Beste alde batetik, alegazioak aurkezteko beste bilera bat egingo dute aurrerago, baina ez dute oraingoz eperik zehaztu lur jabe bakoitzak duen afekzioa neurtu behar duelako eta horren arabera idatzi bere alegazioa. Baina hor ere informazio falta itzela salatu dute: "Inork ez esatea ezer ez... Gainera, lur jabe bati nola jarri behar dizkiote halako debeku batzuk jabeak berak ez badaki bere lursailean zer den zaindu beharrekoa. Hori guztia azaldu egin behar da", azaldu du Belokik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak