459 milioi euro Europatik, 'Euskal Y'-aren Bergara-Baiona zatirako

Goiatz Arana Begiristain 2015ko uzt. 13a, 17:17
AHTren zubia egiteko lanak Bergaran iazko apirilean.

523 milioi euro emango ditu Bruselak Euskal Y-ko lau proiektu bultzatzeko, eta zati nagusia Bergara, Donostia eta Baiona lotuko dituen tartearentzat izango da: 459 milioi. Tarte horren kostua 1.147 milioi euro da guztira; beraz, Europak emandako laguntzak kostuen %40 hartuko luke bere gain.

Europaren ebazpenean Baionara arteko bidea ageri bada ere, Frantziak oraindik ez du baieztatu AHTa egingo duenik, ezta zein epe duen ere.

Inoizko diru kopuru handiena

Europako Batzordeak guztira 13.100 milioi euro banatu ditu Europako 276 proiekturen artean, 2014-2020ko epealdiko Europa Konektatzen programaren barruan; Europak inoiz azpiegituretara bideratu duen diru kopururik handiena da. Hiru irizpide betez hautatu ditu Europak proiektuak: prozesu orokorra ez geldotzea, mugaz gaindiko dimentsioa edukitzea eta multimodalitatea sustatzea. 

Guztira, 700 proiektu baino gehiago aurkeztu zituzten programara, eta trenbideak eta portuak lehenetsi dituzte. Orain onartu dituzten diru laguntzak aurreko urteko irailean aurkeztu ziren proiektuei dagozkie. Urrian antzeko programa bat jarriko du martxan Europako Batasunak, eta estatuek proiektu gehiago aurkeztu ahal izango dituzte. 

"Onurak"

Europako Batasuneko Garraio komisario Violeta Bulc-en ustez, laguntza jasoko duten proiektuak "mugikortasun programa iraunkorrentzat onuragarriak" izango dira, inbertsioek Europako Batzordearen hazkundea eta enplegua sortzeko programan "ekarpen handia" egingo dutelako, bere iritziz: Europako garraio sareak hamar milioi lanpostu sortuko dituela eta 2030. urterako Europako barne produktu gordina %1,8 haziko dela uste du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak