Debagoienetik Ziburuko ikastolara, beste elkartasun keinu bat

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko uzt. 2a, 14:54

Kaskarotenea ikastola diruz lagundu du Goienak, Klubeko bazkideen ekarpenari esker. Eta atzo izan zen Goienaren ordezkaritza Ziburun ikastolaren berri bertatik bertara jasotzen. Hamalau umek egin dute aurtengo ikasturtea aurrefabrikatutako geletan, eta Debagoienetik iritsi zaizkien 3.900 euroak lursail berria erosi eta irailean ikasturtea ikastola berrian hasteko erabiliko dute. Ikastolako neska-mutikoendako, Txatxilipurdik oparitutako kamisetak ere eroan dituzte Goienatik Ziburura.

Ikasturte gogorra izan du aurten Ziburuko Kaskarotenea ikastolak. Aurrefabrikatutako geletan eman dituzte eskolak eta argindar gabe ere egon dira, besteak beste, ikasturte honetan zehar 14 ikasle. Gaur amaitu dituzte eskolak eta izan dituzten zailtasunengatik ez zuten espero ikasturtea bertan bukatu ahal izatea, horixe adierazi du Kaskarotenea ikastolako presidente Laida Mujikak: "Lortu dugu ikasturtea hemen bukatzea, ez genuen pentsatzen hemen bukatuko genuenik ikusita nola hasi genuen ikasturtea, baina hemen gaude, segitzen dugu gela aurrefabrikatuetan. Elektrizitatea badugu guk ezarri genuelako argindar pirata bat. Urtea aski zaila izan da, mugitua izan da".

Txatxilipurdik oparitutako kamisetak jantzita, Kaskarotenea ikastolako neska-mutikoak.

Lursail berria ikastolarendako

Hala ere, datorren ikasturtea eraikin berri baten hastea aurreikusten dute; herriaren erdigunean terrenoa erosi dute eta nahiz eta txikia izango den, oso pozik daude etorkizunerako proiektu berriarekin: "Badugu etorkizunari begira proiektua. Lursail bat erosi dugu, eta beraz, espero dugu irailan ikasturte berria bertan hastea. Biziki ondo kokatuta dago eta espero dugu behin ikastola berria izango dugularik, haur berriak etorriko direla". 

Debagoienetik elkartasuna

Lursail berria erosteko, baina 300.000 euro behar izan dituzte eta hainbat lekutatik iritsi zaie elkartasuna; oraingoan, debagoiendarrak izan dira laguntza bertara bidali dutenak, Goiena Komunikazio Taldeak ere diruz lagundu baitu Ziburuko Kaskarotenea ikastola. 

Atzo izan zen bertan Goienako ordezkaritza 3.900 euroko txekea entregatzen, hain justu ere, Goiena Klubeko bazkideek urtero egiten duten 55 euroko ekarpenetik euro bat Ziburuko ikastolari eman diotelako. Halaxe erabaki zuen Goienako Errektore Kontseiluak arrazoi hauengatik: "Ziburu dagoelako pasatzen oso larri. Gaur baino larriago egon dira eta espero dugu etorkizunean ez hain larri egotea, izan ere, eraikin berri batera ere badoaz, baina pasarte horretan guztian nahikoa miseria pasa dute eta guretzako oso gertu dago Ziburu. Debagoienetik oso gertu dago, eta Debagoiena guztiko hainbat elkarte eta pertsonek babestu dute proiektu hau. Goienatik ere, aho batez, Errektore Kontseiluan onartu zuten Ziburura ekartzea elkartasun pusketa hau", adierazi du Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabalek.

Laida Mujika Kaskarotenea ikastolako presidentea eta Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusia.

Eskertuta

Kaskarotenea ikastolakoek oso pozik jaso zuten atzo Debagoienetik iritsi zitzaien laguntasuna, baina aurretik ere bailarako hainbat lekutatik ere jaso dute elkartasuna eta oso eskertuta daude: "Debagoiena eskertu nahi dut, izan ere, izan da oso harrigarria. Euskal Herri osotik jaso dugu elkartasuna, baina Debagoienan Arizmendi ikastolatik, Huhezitik, Goienatik orain… zinez izan da eremu bat non bereziki hunkituak izan diren", esan du Mujikak.

Sentitu duten elkartasun horrek indar handia eman die, beraz, aurrera egiteko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak