Gou! by Eroski turismo eskaintza aurkeztu dute Eroski, Basquetour eta Gureak-ek

Leire Kortabarria 2015ko uzt. 2a, 15:10
Noemi Lekube (Basque Ways), Mikel Goienetxe (Eroski), Iñaki Alkorta (Gureak) eta Arantza Madariaga (Basquetour).

Eroskik, Basquetourrek eta Gureak taldeak Euskadi-Basque Country turismo markaren barruan dagoen produktu berri bat aurkeztu dute: Gou! by Eroski. Eguen goizean egin dute aurkezpena Eroski Bidaien zuzendari Mikel Goienetxek, Basquetour Euskal Turismoaren Agentziako zuzendari Arantza Madariagak eta Gureak taldeko arduradun Iñaki Alkortak.

Produktu horren bitartez, 600 esperientzia edo plan baino gehiagoren artean aukera daiteke, 30 eta 150 euro artekoak eta bi ordu baino gutxiagoko iraupenekoak, eta kooperatibako bezero-bazkideek %33 aurreztu ahal izango dute. Hiru hilabetean 1.200 esperientzia  eskaintzera iritsiko dira.

Helburua da euskal turismoaren sektorea dinamizatzea, Euskadin eta inguruko erkidegoetan bizi direnei zuzendutako proposamenen bidez. Barne turismoa turismo guztiaren %15 da, eta "merkatu esanguratsua da euskal turismoan", antolatzaileen esanetan.

Zehazki, Mikel Goienetxek esan du Eroskik bertako produktuekin duen konpromisoa elikagaien sektoretik haratago doala eta euskal turismoaren "erakargarritasuna" ere hartzen duela ardatz gisa, eta "berrikuntzaren alde" eta "merkaturatzeko modu berriak irekitzearen alde" egiten duela Eroskik, betiere "kontsumitzailearen mesedetan eta gure ekonomia dinamizatzea helburu izanik".

600 esperientzia

Gou! by Eroski produktuaren bitartez, prezio merkeagoak eskaintzen dira, baita Gou! by Eroski postalak Eroskiren edozein hipermerkatutan, supermerkatutan edo bidaia-agentziatan erosteko aukera ere, ondoren, norberak gustuko duen jardueragatik trukatzeko telefonoz edo Interneten bidez.

Katalogoan 600 esperientzia baino gehiago daude: bidaiak globoan, kobazuloetara bisitak, dastatzeko menuak hainbat jatetxetan edo gauak hoteletan eta landetxeetan. Prezioari dagokionez, bost maila egongo dira: 30 eta 150 euro artean.
Datozen hilabeteetako kultura agendaz gozatzeko hainbat proposamen eskaintzen ditu; besteak beste, Bilboko BBK Live jaialdia edo Kontxako Bandera Donostian.

Bestalde, Euskadiz gain, hona hemen proposatutako kultura agendaren beste aukera batzuk: Llanesko (Asturias) San Roque jaiak, Lizarrako Gastronomia Astea eta Arte Garaikideko Nazioarteko Azoka Santanderren.

Sei lanpostu berri

Iñaki Alkortak esan duenez, bezeroari jakinarazten zaio bere erosketa "erantzukizun sozialez jokatzeko modu bat" ere badela. Izan ere, Gureak taldeak kudeatuko du ekimena, eta taldeko kideendako sei lanpostu sortuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak