Adarra Saria jasoko du Ruper Ordorikak

Jagoba Domingo 2015ko eka. 19a, 12:00
Ruper Ordorika musikariak Adarra Saria jasoko du.

Adarra Saria jasoko du etzi, domekan, Ruper Ordorika musikari oñatiarrak. Donostiako Udalak euskal musikagintzari lotutako saria sortu zuen pasa den urtean eta lehenengo edizioan Mikel Laboarentzat izan bazen, aurten Ruper Ordorikari ematea erabaki du batzordeak aho batez.

Sariak "beste norbaiti gertatzen zaizkion gauzak" zirela uste arren, Ordorikak "kiroltasunez eta esker onez" hartu du, itzalpean lanean dagoen jende piloa aldarrikatuz.
Ordorikaren estiloaren "modernotasuna, sakontasuna eta ibilbide luze eta emankorra" azpimarratu ditu Adarra Sariko batzordeak eta euskal kantutegiaren zati garrantzitsu bat "berreskuratu eta eguneratzea".

Victoria Eugenian bigarrengoz

Adarra domekan, 19:00tan, emango diote Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, eta horri zuzeneko emanaldiak jarraituko dio. Ordorikak eskertu du saria "kontzertu batekin ospatzeko" aukera ematen dutela.
Oñatiarra Victoria Eugeniako agertokira denbora gutxian igoko den bigarren aldia izango da; otsailean Lurrean Etzanda lana bertan aurkeztu zuen-eta. Mugalariak ondoan izateaz gain gainera musikari berezi bat izango du taulan, Leo Abrahams. Abrahams ingelesak Lurrean Etzanda diskoa grabatu zuen Ordorikarekin eta "oraindik entseatzeko aukerarik" izan ez duten arren, ziur asko berezia izango da.
Abrahames eta Ordorikak bikote moduan interpretatuko dituzte hainbat pieza eta "inprobisaziorako" tarte handia egongo dela uste du oñatiarrak.

Elkarlanari saria

Adarra Sariko batzordeak aurtengo saria emateko kontuan izan duen beste puntu bat, Ordorikak Euskal Herriko abangoardiako artistekin zein, jazz munduko eta rock garaikideko artista atzerritarrekin egindako lana izan da. Horren harira, "betidanik maitatu" izan dituen hainbat musikariekin orduak konpartitzea edo ezagutzea, "plazer hutsa" izan dela aitortu du.
Lou Reed, Martin Carthy... horrelako musikariengatik igo zen lehenengoz agertokira eta horiek ezagutu izana "ahaztezina" izateaz gain musikak eman dion gauzarik handienetakoa dela, "asko balio" duela.

Ibilbidean, aurrera begira

Urtero sari bat ematearen zailtasuna aipatu du, izan ere, saria jasotzea "sorpresa itzela" izan da. Oñatiarra kantuan hasi zenerako, hainbat musikari dagoeneko horretan zeuden, batzuk ospe handiarekin gainera, eta horietako askok hor jarraitzen dutela azpimarratu du Ordorikak.
Atzera begira baino, "aurrera begira" bizi da oñatiarra, eta oraindik ere Lurrean Etzanda-ko diskoarekin dabilen arren, bakarkako kantu batzuetan lanean dagoela esan du. "Noizbait ondo antolatu" eta bakarka kontzertu batzuk emateko nahia adierazi du, orain formatu horretan "eroso" sentitzen da-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak