'Tribual', 'trivial' erako mugikorretarako euskarazko jolasa kalean da, doan

Jon Berezibar 2015ko eka. 11a, 09:22
Aplikazioaren pantaila-irudia.

CodeSyntax enpresak egin du aplikazioa, mekanika arin batekin, ahalik eta denbora tarte txikienean erantzun beharreko galdera sorta erako jokoa dena. Antzeko beste joko batzuen aldean, baditu hainbat datu azpimarragarri, bai eleaniztasuna bera, zein galdera sorkuntza automatizatua eta kopurua (130.000 galdera ezberdin baino gehiago), aktualitatearekin lotuta egotea (Twitterreko galderen bidez), edo erabiltzaileari oso hurbileko galderak egiten zaizkiola.

Gailu mugikorretarako galdera-erantzunen jokoa da Tribual, mekanika erraz eta itsaskorra duena. Android plataforman dago garatua, eta telefono adimentsuetan zein tabletetan erabiltzeko aproposa da. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jokatu daiteke. 

Bost galderako sortak erantzutea da koxka, ahalik eta azkarren. Galdera bakoitzarekin hiru aukera erakusten ditu Tribualek, eta zuzena asmatu beharra dago. Partidak beti beste erabiltzaile baten aurka jokatzen dira; galdera gehien eta denbora laburrenean asmatzen dituenak irabaziko du, eta horren arabera banatuko dira puntuak, sailkapenean gora edo behera egiteko. 

Erabiltzaileak hainbat galdera-mota aurkituko ditu Tribual-en: kultura alorrekoak, mundu mailako geografiakoak, eragiketa matematikoak, euskararekin lotutakoak, literatura edo kirolaren ingurukoak, euskal herri eta herritarren ingurukoak,... Ahalik eta galdera gehien sortzea izan da Codesyntaxen erronketako bat. 

Orain dela hilabete batzuk argitaratu zen Tribual-en lehenengo bertsioa, Beta fasean, euskaraz. Harrezkero 1.500 lagun baino gehiagok probatu dute eta ia 300.000 partida jokatu dira. Proba-fase horretan ikasitakoarekin, orain teknikoki hobetuta, galdera gehiagorekin aberastuta eta eleanitz dator. 

Tribual-en originaltasuna 

Galdera-erantzunen jokoetan funtsezkoa da galdera kopuru handia izatea erabiltzailea asper ez dadin. Eta Tribual-en lortu dute, dagoeneko 130.000 galdera dituelako gaur aurkeztu den bertsioak. Galderak ez dira eskuz sortzen eta eguneratzen. Codesyntaxek urteak daramatza Interneterako aplikazioak garatzen, eta gaitasun teknikoa da bere alderdi indartsuenetariko bat. Horrela, galdera horiek guztiak modu automatizatuan sortu dituzte, sareak ematen dituen aukerak aprobetxatuta. 

“CodeSyntax bereizten duen gakoetako bat horixe da, alderdi teknologikoa", azaldu du Josu Azpillagak, Tribual aplikazioaren garatzaileak – estrategia eta garapen teknologikoari eskaintzen diogun arreta, eta Tribualen ere horixe izan da hasieratik bilatu nahi izan duguna”. Azpillagak adibide gisa jarri du, besteak beste, galderak automatikoki sortzeko egindako ahalegina, horretarako sareko hainbat baliabide erabilita; Twitter, Wikipedia, Google Maps edota Panoramio baliatu ditu, besteak beste, Codesyntaxeko sail informatikoak, galderak sortzeko. 

Egindako lanak izan du dagoeneko oihartzunik, Tribual-ek 2014ko GipuzkoAPPS lehiaketan aplikazio originalenaren saria irabazi baitzuen. 

Erabiltzaileen harrera ere ona izan da, orain arte sarean izan den lehenengo Beta bertsioa ere 1500 lagunek jaitsi eta probatu dutelako, eta guztira ia 300.000 partida jokatu direlako. 

Datozen hilabeteetan tribu, galdera eta hizkuntza gehiago 

Hainbat galdera-mota ditu jokoak, 4 multzo eta “Tributan” banatuta: ezagutza orokorra, matematika, geografia eta euskal literatura. Dena dela, datozen asteetan tribu tematiko berriak aurkezteko asmoa dute garatzaileek. 

Horretaz gainera, beste batzuk ere aurreratu ditu Aitzol Naberanek, Codesyntaxeko informatikariak: “galdera-sorkuntzan etengabe jarraituko dugu lanean, eta hizkuntza gehiago ere sareratzeko asmoa daukagu; izan ere, joko eleanitza egiteko mekanika ondo ezarri ostean, hizkuntza eta merkatu berrietara jotzeko asmoa dugu”. 

Jaitsi Tribual 

Android plataforman erabil daiteke jokoa. Bilatu Google Play-n Tribual.

CodeSyntax 

2000. urtean sorturiko enpresa eibartarra da CodeSyntax. Interneteko kontsultoria eta zerbitzuetan zein informazio eta komunikazio teknologietan da aditua. Software librean espezializatua, 15 laguneko lan-taldeak aplikazioak eta Interneteko proiektuak garatzen ditu enpresa, administrazio, unibertsitate eta beste hainbat erakunderentzat. Hainbat elkarte eta erakundetako bazkide da (ESLE, Langune, Hekimen, Asolif, Zea Partners,...), eta hainbat proiektu merkaturatu ditu 15 urte hauetan, hala nola, Sustatu, Umap, Mugikaria, Tagzania eta Blogak.com

 

Codesyntaxeko lantaldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak