Elkartasun mezu ugari Goienaren aurkako pintaketak direla-eta

Goiena 2015ko eka. 4a, 15:20

Goienaren egoitzaren aurrealdean pintaketak agertu dira gaur goizean. Goiena eta, zehazki, Goienako zuzendaritza EAJrekin lotzen dituen pintaketak, ate eta fatxada aurrealdean: "PNVren morroiak" bezalakoak. Horiekin batera, baita "Errauskailurik ez" modukoak ere. Gertaera salatu dute Hekimen eta Tokikom elkarteek, baita Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak ere. Debagoieneko EH Bilduk eta EAJk ere bai.

Eraso horren aurrean Goienako langileek adierazi dute Goienak herritar "guztiendako" informatzen duela, "ikuspuntu guztietatik"; "halaxe saiatu gara egiten Goienaren sorreratik eta halaxe egiten jarraituko dugu aurrerantzean ere".

Gertaerak oihartzun handia izan du, bereziki sare sozialetan eta euskarazko hedabideetan, eta elkartasun mezu ugari jaso ditu Debagoieneko euskarazko hedabideak. Elkartasun mezu horiengatik guztiengatik "eskerrak" eman nahi dizkie Goienako langileek bidaltzaile "guzti-guztiei".

Hekimen eta Tokikom

Bidalitako elkartasun mezuen artean Hekimen eta Tokikom elkarteenak. Hekimen euskarazko hedabideen elkarteak pintadak salatu ditu, "prentsa askatasunaren kontra bete-betean" jotzen dutelako eta "onartezina" delako hedabideetako langileen jarduna "horrela baldintzatu" nahi izatea. Euskal hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak, era berean, elkartasuna adierazi die Goienako langileei, "segi dezaten egunero askatasunez" lanean.

Tokikom euskarazko toki hedabideen elkargoak ere, lepo beretik: "Goienak gaur jasan duen erasoa dela-eta, salatu eta arbuiatzeaz bat, elkartasun eta babes osoa eskaini nahi diegu Goienako zuzendaritza, lan-talde, kolaboratzaile eta komunitate osoari".

Tokikomek dio "lan zaila" dela tokiko informazioa lantzea, "ezinbestean gertutasunetik egin beharrekoa, horrek dakarren presio eta erantzukizun erraldoiarekin". Eta amaitzen du esaten: "Tokiko informazioa euskaratik eta euskaraz lantzea dute xede bakarra euskarazko toki hedabideek. Haien kontra egiten duenak, xede horren kontra egiten du, ez besterik".

Euskal Kazetarien Elkartea eta Kazetarien Euskal Elkargoa

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak, Goienan lan egiten duten profesionalen "adierazpen-askatasunaren kontrako erasoa" dela uste dute eta euren "gaitzespena" erakutsi dute. "Komunikabide horretan lan egiten duten profesionalen kontrako bortxaketa bat suposatzen du horrek. Hori dela eta, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak Goienako langileei babesa eta elkartasuna adierazi nahi diete".

PEN Klubak, bestalde, kazetaren aurkako jazarpena kritikatu du: "Onartezinak dira pintaketak. Animoak Goienari, beti eredugarri euskal kazetaritzan".

Debagoieneko EH Bildu

EH Bilduk, bestalde, "irmoki salatu" du "eraso gisa" ulertzen duen gertaera eta erabateko ezadostasuna azaldu du pintadekiko, "formengatik eta edukiarengatik". Bestalde, kritika injustua iruditzen zaio Debagoieneko EH Bilduri Goiena EAJrekin lotzea eta nabarmendu du Goienarekin "harreman iraunkorra" eta "errespetu osokoa" duela. Amaitzeko, Goienako langileei eta zuzendaritzako kideei elkartasun eta babes osoa adierazi die EH Bilduk: "Debagoiena euskalduna lortzeko lan oso garrantzitsua egiten du Goienak eta euskaldunon hizkuntz komunitateak euskaraz informatua izateko duen eskubidea bermatzeko egiten duen lana" aitortzen du.

Debagoieneko EAJ

Debagoieneko EAJk ere "besarkadarik handiena" adierazi die Goienako "zuzendaritza eta langile guztiei". Kritika egitea "zilegi da" dio EAJk, baina "ez dugu inolaz ere onartuko horrelako erasorik". Eta gehitu du: "Goiena komunikazio taldeak ez dauka erraza ekuanimidadea mantentzea politikari eta alderdiekin, batetik eta bestetik tiraka aritzen bai dira guztiak. Baina ekintza hauek ez dira kritikak, erasoak baizik". Azkenik, zera: "Eraso hauek egiten dituenak argi izan beza, Goiena bertako langile guztiak direla lehen kaltetuak eta debagoiendar guztiak hauekin batera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak