Dena prest Debagoieneko XI. Trikitixa Egunerako

Ander Larrañaga 2015ko mai. 27a, 17:47

Hamaikagarrenez egingo dute Debagoieneko Trikitixa Eguna eta aurten, hain juxtu, Aretxabaleta izango da anfitrioi: Leizarra Musika eskola arduratuko da-eta egun hau antolatzeaz. Hala ere, ez da lehenengo aldia eurentzat; 2006an ere Aretxabaletan ospatu zuten trikitilarien eguna.

300 trikitilari baino gehiagok zapalduko dituzte zapatuan, hilaren 30ean, Aretxabaletako kaleak Debagoieneko Trikitixa eguna dela-eta. Eta egun hori aurkezteko, atzo egin zuten Leizarra Musika Eskolakoek egitarauaren aurkezpena.

Trikiti doinuek alaituta, egun polita prestatu dute hamaikagarren edizio honetarako: 10:30ean, lau gune desberdinetan banatuko dira hamarretakoa egiteko, Murubide plazan, Basotxo inguruan, Iralabarri plazan eta Araba ibilbideko plazan. 11:15ak aldera, trikitilari denak Ilargi plazan elkartuko dira eta kalejira erraldoi batean Herriko plazaraino joango dira. Ostean, 13:00etan, Herriko plazan trikitixa talde guztien jaialdia egingo da; talde bakoitzak pieza bat joko du eta ondoren, datorren edizioko herri eta eskola antolatzaileari, hau da, Bergarako trikiti eskolari emango zaio lekukoa. 14:30ean Herriko plazan bazkaria egongo da. Amaitzeko, arratsaldean, 17:00etan, Bide batez taldearekin erromeria egongo da.

Bestalde, aipatzekoa da ez dutela Debagoieneko ikasleek soilik parte hartuko. Soraluze eta Zumarragako ikasleak ere etorriko dira Aretxabaletara.

Duela zortzi urteko edizioko izaera bera mantendu nahi dute Leizarrakoek: elkarren artean ezagutu eta ondo pasatzeaz gain, trikitixa eta pandero ikasleak motibatu eta ikasle berriak animatu gura dituzte. Hori horrela, erronka hau ilusioz hartu dutela adierazi dute Leizarra Musika Eskolakoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak