Arrasatek aurrera egin du Herri Arteko Txapelketan eta Oñati kanpoan geratu da

Txomin Madina Milikua 2015ko mai. 17a, 18:28
Atzo Uarkapen jokoan egon zen partiduetako une bat.

Kadete eta jubenilen garaipenarekin, arrasatearrek Herri Arteko Txapelketako kanporaketa gainditu dute; oñatiarrek bestalde, agur esan diote txapelketari Bidania-Goiatzen kontra galdu ostean.

Joan den astean, etxetik kanpo 2-1 irabazi ostean, arrasatearrek atzo hartu zituzten Uarkapen andoaindarrak. Kadeteetan eta jubeniletan Arrasateko pilotariak izan ziren nagusi: hala, Muruak eta Llodiok 22-1 irabazi zuten kadeteetan; eta Garatek eta Egiak, 22-8 jubeniletan. Nagusien mailan, Arabaolazak eta Zuazuak 22-10 galdu zuten Andoaingoen kontra. Azkenean, 4-2 emaitza globalarekin, arrasatearrek aurrera egin dute txapelketan. Datorren egubakoitzean eta Uarkapen izango dira hurrengo partiduak, eta Astigarraga izango dute aurkaria.

Arrasatearren entrenatzaile Ibai Bolinaga pozik zegoen pilotariek egindako lanarekin: "Oso ondo ikusi ditut. Batez ere kadeteek eta jubenilek maila ona erakutsi dute; nagusietan apur bat eskasago ibili gara, baina badago hobetzeko aukera".

Oñatik, 2-1 galdu

Hamasei urte eta gero Herri Arteko Txapelketara itzuli den Oñatik, bere aldetik, ezin izan du lehen kanporaketa gainditu. Oñatiarrek 2-1 galdu zuten joan den astean BIdania-Goiatzen kontra, eta egubakoitzean emaitza berbera lortu zuten. Kadeetan, Aiastui eta Gartzia oñatiarrek 22-7 irabazi zuten, baina beste bi mailetan, galdu egin zuten txantxikuek: jubeniletan, Biainek eta Txintxurretak 22-5; eta nagusietan, Uriartek eta Azkaratek, 22-10. 

Kanpoan geratu arren, oñatiarren entrenatzaile-laguntzaile Josu Osak balorazio oso positiboa egiten du: "Gure helburua zen parte hartu eta herrian ilusioa sortzea, jendea pilotalekura bueltatzea.  Ikusita Oñatin lehen jardunaldian jende dezente batu frontoian, bete dugu helburua. Bagenekien talde apala geneukala, eta zozketan ere ez zitzaigun talde errazena tokatu". "Ea datorren urtean taldea ateratzeko aukera izan eta dinamika honi jarraipena ematen diogu", gaineratzen du Bolinagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak