GeoAizkorri proiektua: natura, gastronomia eta kultura

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko mai. 7a, 13:31
Proiektuaren aurkezpenean

Oñati, Leintz-Gatzaga eta Zerain sartzen dira eta mendialdea, gatza eta barrunbeak ezagutaraziko ditu. Geologia da eskaintza turistikoaren oinarria. Oñatin, Geoloeguna egingo dute domekan, Arrikrutz kobetan.

Gipuzkoaren barne barnean, natura, gastronomia eta kulturari oso loturik eta geologikoki Aizkorriri loturik dauden hiru herri sartzen dira atzo, eguena, Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian, aurkeztu zuten GeoAizkorri proiektuan: Oñati, Leintz Gatzaga eta Zerain. Proiektu honekin gura dena da hiru herri horien baliabide natural, gastronomiko eta kulturala zabaltzea. Horren oinarria, baina, geologia da.

Hiru arlo

Naturari lotuta, Euskal Autonomia Erkidegoko mendi altuenaren inguruan dagoen paisaia karstikoa gehiago ezagutarazi gura dute. Hala, Aizkorri mendia igotzea, Urbia edo Degurixako larreetan ardi artean paseatzea, Iturrigorriko baso, Deba ibaiaren jaiotza lekua ezagutzea edo Aitzulo eta Arrikrutz-Oñatiko kobak bezalako inguruak ezagutzeko gonbitea egiten du proiektu honek.

Kulturari dagokionez, artzainen eta baserritarren mundua ezagutzeko parajea ere bada Aizkorri ingurua. Zerainen, bestalde, burdinaren mendiko meatze eta harrobietan mendeetan zehar meatzariek nola lan egiten duten ikusteko aukera ere badago. Baita Larrondo zerrategi hidraulikoan Aizkorriko basoen ustiapen tradizionala ezagutzeko aukera ere. Horrez gain, baita Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitate errenazentista edo Dorletako amaren santutegia bisitatzeko aukerak ere.

Gastronomiari lotuta, berriz, eskaintza hauek jaso ditu GeoAizkorri proiektuak: gazta, barazkiak, haragia, sagardoa, txakolina, txokolatea eta gatza.

Geoloeguna Oñatin

Aizkorri inguruan duen eskaintza guztia zabaltzeko eta ezagutarazteko, asmoa da ekitaldi ezberdinak antolatzea GeoAizkorri osatzen duten hiru herrietan. Hala, Oñatin, Geologo Eguna egingo dute domekan, maiatzak 10. Arrikrutzeko kobak bisita normaletan egiten den ibilbideaz gain, abentura puntua izango duten irteera eskaintzen du egun honek. "Domekan egingo da espeleoabentura irteera Arrikrutzen bertan", zehaztu du Ikerne Altubek, Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziako arduradunak. 09:00etatik 13:00etara izango da eta bisitariek katiuskak, aldatzeko arropa, jatekoa eta edateko eramatea gomendatzen dute. Hemezortzi urtetik gorakoendako izango da eta prezioa da 20 euro. Plazak mugatuak dira eta izena emateko telefono zenbakia, hauxe: 943 08 20 00.

Maiatzerako

Maiatzerako antolatu dituzten beste bi ekitaldiak hauexek dira: hilaren 17an, Leintz-Gatzagako museoan gatza ekoizteko saio didaktikoa egingo dute eta hilaren 23an, Zerainen, burdinaren mendia ezagutzeko aukera eskainiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak