Ekintzaz josita, Joste Eguna asteburuan Debagoienetik zehar

Jon Berezibar 2015ko api. 24a, 12:00
Argazkia: 'Uriola.eus'.

Ekainaren 21etakoa izango da ekimenaren egun handia, aspalditik geratzen dabiltzana. Oihal erraldoia osatzen dihardute kide eta herritarrak egun horretarako eta nork bete zatia jos dezan, Joste Eguna deitu dute. Zapaturako Oñatin, Eskoriatzan, Antzuolan eta Aramaion egin dute deialdia. Domekan, ostera, arrasatearren txanda izango da. Bergaran maiatzaren 9a da eguna. Herrik herri, zabala da astebururako egitaraua.

Oñati

Hogeiko taldeetan batu eta oihalekin kalejira egingo dute herriko bost puntutatik abiatuta, 11:45ean (GEDen lokaletik, Boga taberna paretik, plazako pilotalekutik, Santa Anatik eta Ona tabernatik). Eguerdian josiko dituzte oihal zatiak elkarrekin eta hautetsontzi erraldoi bat irudikatuko dute, ekainaren 21etako jaialdietan egingo duten moduan. Jan-edana ere egongo da, ekintza girotzeko.

Eskoriatza

Eskoriatzarrak ere oihaletan mezuak eta marrazkiak egiten ibili dira azken asteotan eta bihar josiko dituzte. Arratsaldean izango da, 18:30etik 21:00etara, festa giroan. Haurrentzako tailerra, kalejira, musika, pintxoak, bertsoak... denetik izango dute.

Antzuola

Postua jarriko du Gure Esku Dagok 12:00etan plazan, atxikimenduak egin eta materiala erosteko. Jostunen argazkiekin mosaiko bat ere osatuko dute. Amaitzeko 12:30ean bideoklipa grabatuko dute eta, ostean, mokadutxoa etorriko da.  

Aramaio

Egun osoa hartuko dute aramaioarrek bihar. Bertso-pelotie izango da jaia hasteko ekintza Aramaioko eta Legutioko bertsolari eta pilotarien arteko lehiarekin. Xabi Igoa eta Peru Abarrategi bertsolariak ibiliko dira hara eta hona girotze-lanean eta pilotariak izango dira Oihan Bideburu eta Ander Axpe eta Ander Sevilla (Aramaio) eta Ibon Ruiz de Alda (Legutio). Arratsaldean kalejira egingo dute.

Egitaraua
11:30 Bertso-pelotie. Ostean, triki-poteoa.
17:45 Kalejira.
18:00 Gure Esku Dagoren eskua irudikatuko da eta ostean joste ekitaldia egingo da txalaparta, musika eta bertsoekin. Jan-edana egongo da.

Arrasate

Herriko plazan jaialdia egingo dute (eguraldi txarrarekin Uarkape pilotalekuan), domekan. Txosna ipiniko dute, informazioa eta oihalak jasotzeko gunea egongo da eta materiala ere ipiniko dute salgai.

Egitaraua
11:00 Musikarekin ekitaldia berotzen hasiko da.
11:30 Txalaparta.
11:40 Trikitilariak.
12.30 Irrintzilariak eta txalapartariak.
13:00 Akrobatak eta zirkua.
13:30 Txatxilipurdirekin, umeentzako ekintzak.
13:35 Esku-oihala jasoko da, alboka, pandero jotzailea eta abar.
13:50 Kalejira-sugea egingo da
14:15 Agurra The Potes taldearekin.

Bergaran, maiatzean

Maiatzen 9an izango da eguna Bergaran. Jaia egiteko asmoa ere badute eta herriko balkoietan oihalak eskegiko dituzte eta emankizunak egongo dira. Arratsaldeko 18:30ean hasita, flashmob-a egingo dute, erraldoi eta buruhandiak egongo dira, dantzariak, txotxongiloak, bertsoak... Taldeak aurrerago emango du egitarau osoaren berri. 

Aretxabaletan, beren beregi, ez dute Joste Egunik egingo baina gaur, barikua, 18:00etatik 19:00etara informazio postua jarriko dute plazan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak