Txinako Fagor Industrial ixteak ez du bailaran eraginik izango

Leire Kortabarria 2015ko api. 21a, 14:47
Fagor Industrialen egoitza nagusia, Oñatin.

Txinako Kunshango industrialdean dituzten lantegiak itxi egingo dituzte Fagor Industrial eta Orbea kooperatibek, biak Mondragon Korporazioko kideak. Horrek ez du Debagoienean eraginik izango, Korporazioko iturriek ziurtatu dutenez.

Itxiera horren zergatia azaldu dute Mondragon Korporazioko iturriek. Fagor Industrialen kasuan, azken urteotan "gogoeta estrategikoan" ibili da, eta horren ondorioz, ekoizpena leku batzuetan "kontzentratzea" erabaki zuen kooperatibak. Korporazioak azaltzen duenez, "orain arte bost lekutan produzitu izan du -Espainia, Polonia, Turkia, Mexiko eta Txina- eta Txinakoa kentzea erabaki du, besteak utziz. Horren ondorioz, Amerikan eta Europan ekoizpen kapazitatea handituko du" Fagor Industrialek; Mexikon anpliazio bat egin dute, eta Polonian gauza bera egingo dute.

Bestalde, Txinan ekoizten utzi izanak ez du esan nahi han saltzen utziko diotenik; hango ordezkaritza komertzialak lanean jarraituko du. Orain arte Txinan produzitzen zena Turkian produzituko du aurrerantzean Fagor Industrialek.

Portugalen, Hong Kong-en eta AEBetan indartsuago

Orbeari dagokionez, "merkatu estrategikoei eta azken bezeroei" ematen dien zerbitzua hobetzeko helburuarekin, "goitik behera" pentsatu behar izan ditu fabriken eta logistikaren "nondik norakoak"; hala azaltzen du Orbeak prentsa ohar baten.

Horretarako, Portugalgo ekoizpen gaitasuna "handitzea eta bultzatzea" erabaki du Orbeak, eta 8.000 metro koadroko nabe berri baten inbertitu du. Mallabiko ekoizpen zentroaren pertsonalizazio gaitasuna ere handitu nahi du Orbeak. Hong Kong-en, plataforma logistikoa eta ehungintza garapenak ere indartuko ditu, eta AEBetan (Little Rocken, zehazki) duen plataforma logistikoak ere "beste bultzada bat" jasoko du.

Aitzitik, Kunshanen duen fabrikaren jarduera 2015eko ekainaren 30ean etetea erabaki du, "baina ez merkatu hartako jarduera komertzialari lotutako arrazoiengatik, hango jarduera eraldatu eta bultzatu" egingo baitu Orbeak.

Honako hau azaltzen du: "Inbertsioak berrantolatuta, zerbitzu hobea eta lehiakorragoa ematea lortuko dugula ulertzen dugu eta uste dugu palanka-efektu sendoagoa ere lortuko dugula gure betiko ezaugarri bereizgarriei dagokienez: Europan fabrikatzea, malgutasuna, pertsonalizazioa eta kalitatezko zerbitzua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak