Hiriburuak borondatez betetzeko deia egin du Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 21erako

Mirari Altube Arrese 2015ko api. 11a, 16:45
Gure Esku Dagok Bilbon gaur egindako agerraldia (argazkia: Gure Esku Dago).

Aurten ere izango da ekintza masiboa Gure Esku Dagok deituta, ekainaren 21ean hain zuzen ere. "Desberdinak" izanda, erabakitzeko eskubideak elkartu dituen borondatez bete gura dituzte euskal hiriburuak. Hala, ekitaldi nagusiak izango dira San Mamesen, Anoetan, Buesa Arenan, Iruñeako zezen plazan eta Baionan. Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenetik gauzapenera igarotzeko mugarria izango dela jakinarazi dute gaur, Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldian.

Ekainaren 21ean egingo denaren berri eman dute gaur, apirilak 10, Bilbon. Hiriburu bakoitzean, 12:00etan, giza kate bat egingo da, herri eta auzoetan josiko diren oihalekin osatutako giza kate bat.

Eta ekitaldi nagusia 17:30ean izango da. Herriz herri jositako oihalen bitartez hautetsontzi erraldoiak eraikiko dituzte orduan honako lekuetan:

  • Bilbo: San Mames Barria
  • Donostia: Anoeta Estadioa
  • Gasteiz: Buesa Arena
  • Iruñea: Zezen Plaza
  • Baiona (zehazteke)

Ekainaren 21ari begirako oharrak

Esandako tokietan edukiera arazorik ez izateko eta ekimenaren finantzaketarako, arratsaldeko ekitaldietarako sarrerak hartu beharko dira. Sarrerak apirilaren 21ean jarriko dira salgai herrietan eta web orrian (helduak: 10 euro, eta haurrak: 5 euro). Sarrerok ahalik eta azkarren erosteko gomendioa egin dute antolatzaileek.

Bestalde, aurten ere jarriko dituzte kamisetak salgai eta horiek jantzita joateko gomendioa egin dute antolatzaileek. Herriz herri salduko dituzte, baita online ere.

Apirilak 25, Joste Eguna

Apirilaren 25ean herriz herri eta auzoz auzo ordura artean betetako oihal zatiak josteko eguna izango da.

Bestalde, oihal-zatien dinamikaren arrakasta ikusita, baina jakinik Interneten gero eta ordu gehiago pasatzen direla, hor ere eraiki nahi dute hautetsontzia. Horretarako, herritarrek bigarren oihal bat betetzeko aukera ere izango dute: oihal digitala (argibideak: www.ehuntzen.eus)

Agerraldiko testua

Hona gaur, Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek irakurritakoa Euskalduna jauregian:

"Ulertzen erraza da Gure Esku Dagoren bide-orria: EHUNDU, ADOSTU, ERABAKI. Desberdinen arteko borondateak ehundu; erabaki ahal izateko zer, noiz eta nola adostu, eta azkenik erabaki.

1.- Nabarmena da gizartean erabakitzeko eskubidearen gauzapenaren aldeko iritzia nagusi dela. Batetik, normalena horixe delako, erabakitzea, eta bestetik, azken aldiko iritzi-ikerketek ere horixe diotelako.

2.- Aldarrikapenak gauzatzeari egin behar dio bide eta herritarren nahikoa borondate lortzea da gauzapenari eta erabakiari zilegitasuna emango dion ezinbesteko bakarra.

Horregatik, herri honetan geure hautetsontzi propioa eraiki beharrean gaudela uste dugu, identitate eta sentsibilitate guztiek lekua izango duten hautetsontzia. Herritarren borondateetan oinarritutako hautetsontzi bat. Horregatik ari gara Gure Esku Dago dinamikako kideok borondate guzti horien ehuntze lanean, herri eta auzoetan banatu ditugun oihal zatien bitartez.

Oihal zati horiek osatuko dituzte ekainaren 21eko hautetsontzi erraldoiak. Ekainak 21, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenetik gauzatzera igarotzeko mugarri bat izango da. Berandu baino lehen erabakitzeko eskubidearen ariketa bera ahalbidetuko duten hautetsontziak eraikiko ditugu.

Ekainaren 21ean hiriburuak borondatez betetzera goaz. Desberdinak izanda, erabakitzeko eskubideak elkartu dituen borondatez beteko ditugu hiriburuak.

*12:00etan da lehen zita. Hiriburu bakoitzean giza-kate bat egingo dugu, herri eta auzoetan josiko ditugun oihalekin osatutako giza-kate bat.

* 17:30ean iritsiko da egunaren puntu gorena San Mamesen, Anoetan, Buesa Arenan, Iruñeako Zezen Plazan eta Baionan egingo ditugun ekitaldi nagusiekin. Egun herri eta auzoetan dauden borondatez jositako oihaleen bitartez hautetsontzi erraldoiak eraikiko ditugun momentua izango da. Erabakitzeko eskubidea ahalbidetuko duten hautetsontziak eraikiko ditugun unea. Azken hilabeteotan oihal zatietan norbanakoek idatzitako amets, desio eta aldarrikapenak jasoko dituzte hautetsontzi horiek, erabakia posible izan dadin adostasunerako daukagun borondatearen adierazle.

(Datozen asteotan lurralde bakoitzak ekainaren 21erako prestatu duen egitarau zehatzaren berri emango dugu).

Ekainaren 21a etorkizunari begira jartzeko eguna izango da. Erabakitzeko eskubidearen gauzatzeari ateak zabaltzeko eguna, aldarrikapenetik gauzapenera bidean aurrera egiteko pausu garrantzitsua. Gure Esku Dago ez baita sortu aldarrikapen bat denboran iraunarazteko, aitzitik gizartean oso zabaldua eta onartua dagoen aldarrikapen baten inguruan jaio zen, gizartea ahalduntzeko eta borondateak ehuntzeko, desberdinen batuketa horretatik bere helburuak betetakoan hiltzeko.

Gaur desberdinen arteko borondateak jostea dagokigu, bihar gai izan gaitezen zer, nola eta noiz erabakiko dugun adosteko.

Gaur hautetsontzia eta bihar erabakia. Gure esku Dago!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak