Lapurreta txikiak saihesteko gomendioak

Ubane Madera 2015ko mar. 31a, 11:00
Bi ertzain kale-zaintza egiten.

Ertzaintzak oinarrizko segurtasun-neurri batzuk hartzea gomendatu du, Aste Santuko jaiei begira. Poliziak gogora ekarri du, jende asko batzen den kasuetan (egunotako ospakizunak, kasu) lapurreta txikiak egiteko aukera paregabea sortzen dela lapurrendako.

Segurtasun Sailak jakinarazitakoaren arabera, gehien lapurtzen diren gauzak diru-zorroak eta sakelako telefonoak izaten dira; "eta beste delitu batzuk izateko arriskua handitzen da, batez ere, azoka, Erdi Aroko azoka, prozesio eta antzerakoetan".

Gomendioak

Bada, halakoei aurre egiteko, poliziak honako hauxe gomendatzen du:

  • Irekitzeko zailak diren poltsak eramatea, gorputzaren aurrealdean, uneoro gure begiratupean edukitzeko, eta gainean eskua jartzea. Halaber, baliozko objektuak barruko poltsikoetan banatzea, zailagoa izan dadin horiek eskuratzea.
  • Esku-diruari dagokionez, ez eramatea diru guztia diru-zorroan. Horrela, ez dugu diru-zorroa ireki behar gastu bakoitzerako; horren ordez, galtzetako aurreko poltsikoak erabil daitezke.
  • Ez fidatu, ezta ere, eskabideak edo agiriak izenpetzeko eskatzen diguten pertsonekin, izenpetzeko nortasun agiria atera behar bada diru-zorrotik. Izan ere, une hori baliatu ohi dute lapurreta egiteko, edo dirua non gordetzen dugun jakiteko.
  • Ez erakutsi sakelako telefonoa jende asko dagoen tokietan, une ezin hobea da-eta berau lapurtzeko.
  • Eta orokorrean, beti egon behar da adi, eta aintzat izan behar da horrelako lapurretak egiten dituztenak esperientzia handiko gaizkileak izan ohi direla. Eskarmentu handia izaten dute deskuiduak aprobetxatzen eta, gainera, askotan, taldean egiten dute lan; hala, hainbat pertsonen artean banatzen dituzte eginkizunak artean gure arreta galarazteko eta lapurretak egiteko.
  • Lapurreta, gorabehera, susmo, eta antzerako egoeretan, ez izan zalantzarik Ertzaintzako agenteengana edo udaltzainengana jotzeko edo 112 zenbakira deitzeko orduan. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak