Aitona-amonak eta bilobak elkarrengandik ikasten

Monika Belastegi Aranzabal 2015ko mar. 26a, 13:36
Aitona-amonak ikasleekin gelan.

Elkarrekin ikasten izeneko prolektua abiatu dute Antzuolan, Elgetan eta Bergaran. Hiru herriotako erretiratuen elkarteek eta ikasle gazteek zenbait ekintza egingo dituzte elkarrekin jakintzak partekatzeko. Bergaran, dagoeneko, egin dute lehena, San Joxepeko erretiratuak eta zenbait aitona-amona San Martingo ikasleekin elkartu dira.

Ikastea ez da bizitzako etapa jakin bateko eta ahalmen jakin batzuei zuzendutako jarduera. Pertsonek bizitza osoan eta testuinguru askotan ikasi eta garatzen dituzte ahalmen ezberdinak. Hori dela eta, Bergarako Miguel Altuna institutuak bultzatuta eta Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bizikasiren laguntzarekin Elkarrekin ikasten izeneko esperimentazio proiektua jarri du martxan.

Erretiratuen elkarteak eta ikastetxeak elkarlanean

Belaunaldien arteko ezagutzak trukatzeko guneak sortzea izan da helburua: aitona-amonek, bizitza osoa soinean izanda, gaztetxoagoen indarraz gozatzeko eta ikasteko aukera izango dute; gazteek, berriz, nagusien esperientziatik ikasteko aukera.

Ekimenean zenbait ikastetxek eta elkartek dihardute elkarlanean: Elgetako Herri Eskolak eta Elgetako Xalbadorpe Erretiratuen Elkarteak; eta Bergarako San Martin Agirre Herri Eskolak, Aranzadi Ikastolak, Mariaren Lagundia Ikastolak, Ipintza institutuak eta San Joxepe Erretiratuen Elkarteak. Laster Antzuolako Herri Eskolak eta erretiratuen elkarteak ere bat egingo dute egitasmoarekin.

Lehenengo topaketa martxoan egin dute. San Joxepe elkarteko kideak eta aitona-amona batzuk Bergarako San Martin Agirre eskolan izan dira 5. mailako ikasleekin. Hiru hizkuntzatan, Big Bang-etik tekno(R)eboluziora proiektuaren bidez, historiako zenbait gairi lotutako bizipen eta bitxikeria partekatu dituzte.

Aste Santu ondorenerako egutegi bete ekintza prestatzen ari dira. Besteak beste, baratze eta teknologia berriekin lotutako tailerrak eta  elektrizitate eta gasaren faktura nola irakurri landuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak