Onintza Langaran eta Argiñe Varela: "Lehen ikasturtea bukatuta, urtebeterako kontratua daukagu, batak Ekiden eta besteak Fagor Ederlanen"

Imanol Soriano 2015ko mar. 5a, 09:54
Onintza Langaran eta Argiñe Varela.

Miguel Altuna Institutuko goi mailako heziketa zikloko ikasleak dira Onintza Langaran eta Argiñe Varela. Lehenengoa Administraritza eta Finantzak ikasten ari da eta bigarrena, Fabrikazio Mekanikoko Diseinua.  Biak datoz unibertsitatetik eta biak ari dira bigarren ikasturtea Dual Sistemaren bidez egiten. 

Zer da Dual Sistema?

Lehen ikasturtea bukatuta, urtebeterako kontratua daukagu, batak Ekiden eta besteak Fagor Ederlanen. Egunero joaten gara enpresara: eskola daukagun egunetan, arratsaldez; eta eskolarik ez dugun egunetan eta oporretan, berriz, egun osoa egiten dugu enpresan.  

Baldintzaren bat bete behar da Sistema Dualean parte hartzeko?

(A) Bai. 30 urtetik beherakoa izatea eta ikasketak eta lana bateratzeko gaitasuna izatea. Lan-karga nahiko handia izaten da, eta ondo antolatzen jakin behar da. Ikasketek dute lehentasuna, eta, ikasketa-prozesuan emaitzak onak ez badira, programatik kanpora gera gaitezke.

(O) Nahi beste ikaslerentzat ez da lekurik egon. Enpresa arduratzen da hautaketaz.

Zer ikasteko aukera eman dizu lan eta ikasi batera egiteak?

(O) Urtebetean denbora ematen du norberaren lan arloa zelakoa den ezagutzeko. Gainera, eskolan ikasitakoa praktikan ikusten da, eta alderantziz; lanean egindakoa gero gelan ikasten da. Egiten dugun lana asko gerturatzen da laneko errealitatera. Eskolako ordezkariak eta enpresako tutoreak lanaren jarraipen estua egiten dute. 

Zerk bultzatu zaituzte Lanbide Heziketa ikastera? 

(A) Unibertsitatean Topografia amaitu ondoren, langabezian nengoen, eta diseinuarekin eta marrazketarekin lotutako ikasketak egitea pentsatu nuen. Oso gustura nago.

(O) Ekonomia lizentziatura ikasi nuen Bilbon, eta, bi urtez lanean jardun eta gero, erabaki nuen Lanbide Heziketa ikastea; ikastetxean bertan eta Goiaz! azokan informazioa jaso ondoren. Administrazioa gustatzen zitzaidan eta horretan sakondu nahi nuen.

Zein alde ikusten dituzue unibertsitate-ikasketen eta Lanbide Heziketaren artean? 

(O) Nik ikusi dut LH enpresaren errealitatera bideratuago dagoela. Lizentziatura bideratuago zegoen ikerketara, maila teorikoagoan geratzen zen. 

(A) Lanera begira aukerak zabalduko dizkigula uste dut.

Gomendagarria da Dual Sistema? 

(O) Bai, zalantzarik gabe, merezi du. Baina sakrifizio handia eta konstantzia eskatzen du. Egunero enpresara joateko eskolatik lehentxoago irteten gara, eta hori guztia errekuperatu egin behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak