Ekonomia garatzeko Gipuzkoa Garaile aurkeztu dute enpresa eta ikerkuntzako taldeek

Jon Berezibar 2015ko mar. 4a, 15:17

Enpresa, ikerkuntza eta hezkuntza arloko eragileek Gipuzkoa Garaile sustapen ekimena aurkeztu dute Donostian. "Gizarte zibiletik" abiatzen den plataforma dela azaldu zuen aurkezpenean Juanjo Alvarez UNED-Bergarako errektore ohiak, "instituzioen gainetik eta alderdikeria-dinamiketatik at" jardutea eta lankidetza bilatzen duena. Lehen urrats bezala, ADEGi eta Tecnaliaren logistikatik irteten den ekimena dela azaldu zuten asteleheneko ekitaldian. 

Enpresen lehiakortasuna eta konpromisoa sustatzeko Gipuzkoa Garaile ekimena aurkeztu zuten astelehenean Donostian. Eragile ekonomikoak eta ikerketa eta ezagutzaren alorreko erakundeak lankidetzan jarriko dituena, azaldu zutenez, sare moduan.

“Gizarte zibiletik” abiarazitako ekimen gisa aurkeztu dute eta hala adierazi zuen aurkezle lana egin zuen UNED-Bergarako errektore ohi Juanjo Alvarezek; “Gipuzkoa hobea” bilatzen duen topagune izango den “plataforma zabal” eta “erreferentziazkoa” izateko helburua duela, hain zuzen. Hezkuntza, enpresa, zientzia eta teknologia gurutzatu nahi ditu Gipuzkoa Garailek, “gizartearentzat onuragarri” bilakatzea ipar dutelarik. “Pertsonetan, talentuan, industria aurreratuan, ikerkuntzan eta berrikuntzan oinarritzen den ehun produktiboa” ei da bultzatzen dena, “lehiakorrak, aberastasun sortzaileak eta gizartearekin konprometituak” diren enpresentzat. Era berean, Alvarezek nabarmendu zuen “instituzioen gainetik eta alderdikeria-dinamiketatik at” jardungo duela egitasmoak. Ekimen erabat pribatua da, hortaz, “etiketa politikoetatik” kanpo, azpimarratu nahi izan zuten moduan, eta ekitaldian bertan azaldu zuten, hain justu ere, ADEGI eta Tecnaliaren arteko "adiskidetasunetik" sortutako logistikatik abiatutako ekimena dela.

Hala, ekintza eta helburu zehatzen plana izan badutela azaldu zuten atzoko aurkezpenean eta horien berri ekainaren 25ean emango dutela. Atxikipen pertsonalak ere badituzte, jadanik ehundik gora, eta tartean daude Jose Miguel Aiertza, Adegiko presidentea, Eduardo Zubiarre patronaleko presidente ohia, Mari Carmen Gallastegi ekonomialaria, Jose Luis Larrea sailburu ohia, Gurutz Linazisoro neurologoa, Tecnaliako Iñigo San Sebastian, Dannobat Group-eko Iñigo Uzin, Jose Maria Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria eta Jose Maria Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak