Errenta aitorpenaren gaineko eduki batzuk Interneten ipini ditu dagoeneko Ogasunak

Leire Kortabarria 2015ko mar. 2a, 16:56

2014ko errenta eta aberastasuna aitortzeko aurtengo kanpainarekin lotuta, dagokion atala argitaratu du dagoeneko Foru Ogasunak. Data batzuk finkatu ditu. Bestalde, aurtengo kanpainaren alderdi nagusiak laburtzen dituen orria ere jaisteko moduan ipini du.

Autolikidazio proposamenak onartzeko epea apirilaren 13tik ekainaren 25era izango da aurten; errenta mekanizatua aurkezteko hitzordua eskatu ahal izango da apirilaren 16tik ekainaren 5era arte; eta aitorpenak aurkeztu ahal izango dira apirilaren 17tik ekainaren 25era arte.

Momentu honetan webaren eduki batzuk ez daude erabiltzeko moduan. Apurka-apurka argitaratuko dira, kanpaina hasi baino lehen. Ogasunaren webgunean dago informazio guztia.

Aurten, 200.000tik gora proposamen bidaliko ditu Foru Ogasunak. Aitorpen guztien erdiak baino gehiago dira. Iaz proposamenen %89,50 onartu ziren.

Errenta aitorpena betetzea errazagoa izan dadin, eduki berriak eskaintzen ditu Foru Ogasunak:
    •    enpresaburu eta profesionalen jarduera ekonomikoak.
    •    higiezinak errentan emateagatik lortutako etekinak eta ohiko etxebizitzaren alokairuagatik aplikatutako kenkaria, Bizigune eta Alokabide programa publikoen barruan biak.
    •    Gizarte Segurantzari hitzarmen bereziengatik ordaindutako kopuruak.
    •    errentak esleitzeko araubidean dauden entitateen 184 eredu informatiboan jasotako datuak.
    •    nekazaritza, abeltzaintza eta baso jardueren ondorioz jasotako diru-laguntzak, kalte-ordainak eta laguntzak.

Bestalde, lehengo aldiz, aitorpen bat sortzeko, aurreko ekitaldiko aitorpenaren datu guztiak inportatu ahal izango dira. Hau da, 2014ko aitorpena sortzeko, posible izango da 2013ko aitorpena bere osoan inportatzea.

EAJ, PSE-EE eta PPren hitzarmena aplikatuko da

Aurten izango da EAJ, PSE-EE eta PPk hitzartutako akordio fiskala aplikatuko den lehen urtea, eta horren arabera egingo da errenta aitorpena.

Aldaketen artean, hauek daude:

-Aurrezpenaren errentei dagokienez, tramu berriak daude. Orain arte, hiru zeuden: 1.500 eurora arteko errentek %21 ordaindu behar zuten; 1.500 baino gehiagoko eta 10.000 artekoek, %23; eta hortik gorakoek, %25. Orain, 2.500 eurora artekoek %20 ordaintzen diote Ogasunari; hortik aurrera, 10.000ra artekoek, %21; hortik 15.000ra artekoek, %22; hortik 30.000ra artekoek, %23; eta 30.000 euro baino gehiagokoek, %25.

-Zergadunaren adinaren araberako dedukzioak ere aldatu egiten dira aitorpen bateratua egiten den kasuetarako: 334 euro edo 612 euroko (65 urtetik gorakoak edo 75 urtetik gorakoak diren arabera) dedukzioa izango dute zerga-oinarria 25.000 euro baino txikiagoa dutenek, eta beste dedukzio bat, 25.000 eta 35.000 euro arteko zerga-oinarria dutenek; orain arte, 29.000 eta 39.000 ziren muga horiek. 35.000 eurotik gorako zerga-oinarria dutenek ez dute dedukziorik izango; orain arte, 39.000 zen muga hori.

-Gehiago deduzituko zaie ohiko etxebizitza 2012ko urtarrilaren 1a ezkero erosi zutenek: dedukzio orokorra %15etik %18 izatera pasatzen da. %20tik %23ra pasatzen da dedukzioa 30 urtera artekoendako (orain arte 35 zen adin muga); eta igoera bera, familia ugariendako. Gehienez ere 1.530 euro ken daitezke kontzeptu horrengatik, eta 1.955, familia ugariek eta 30 urte baino gutxiagokoek; baina batera egindako aitorpenean muga bikoiztu egiten da, orain arte ez bezala.

-Dohaintzek dedukzio handiagorako eskubidea ematen dute: %20, orain artekoaren bikoitza.

-Sindikatuei eta alderdi politikoei egindako ekarpenengatik jaso daitekeen dedukzioa txikiagoa da: %20; orain arte, %30.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak