Espaloiko monologistak, barrea eragiteko gertu

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko ots. 20a, 10:33

Espaloia barrearen topalekua izango da hirugarrenez. Gaur hasita, bakarrizketen esparruan oso ezagunak diren sei artista izango dira; Elgetan sekula egon gabekoak guztiak; ez, behintzat aktore-rol horretan.


J.J. Vaquerok eta Iñaki Urrutiak zabalduko dute egitaraua. En bruto ikuskizun berriarekin datoz. Gaurkoaz gainera, bihar, zapatua, beste emanaldi bat egingo dute (22:30). Datozen bi asteburutan ere ikuskizun bakoitzeko bina saio egingo dituzte.


Queque izango da hurrengo asteburuan. Malditas canciones ikuskizuna ekarriko du, El Club de la comedia saioko kide beteranoak. Gitarra-jotzaile batekin izango da, kantu ezagunak aitzaki hartuta, publikoa barrez lehertzera" dio Asier Alvarez de Arkaiak, Mostrako antolatzaileak.


Hirugarren asteburuan, berriz,  euskal aktoreak izango dira Espaloiko taularen gainean: Gemma Martinez, Asier Hormaza eta Maribel Salas.

Umore beltza eta fina batuta

Bataren zein bestearen istorio onenak txandakatuta, Urrutiak eta Vaquerok elkarrekin, bi ordutako saioa egingo dute. Telebistan eta irratian saio asko egindakoak dira, besteak beste, El Hormiguero, Paramount Comedy eta Euskadi Comanche. “Monologoen miura zezena deitzen diote Vaquerori, taularen gainean dena ematen duelako. Umore beltza eta oso azkarra du; adi ez bazaude, txisterik onenak galtzeko arriskua duzu” dio Alvarez de Arkaiak.

Miguel Gila zena oso gustuko zuen Urrutiak, eta hari keinutxoa egiteko ohitura du; Gilak bezala, kolore beltza eta gorria ditu gustuko taularen gainera igotzeko. "Iñakiren umorea ere azkarra da baina finagoa eta zuriagoa, ere bai. Duda barik, Stand up comedy-ko bi izar handi dira", gaineratu du.

Bonoak ere salgai

Saio bakoitzeko sarrerak 15 eurotan eskura daitezke leihatilan -bazkideek 12 eurotan- eta on line ere bai: Kulturalive.com atarian, hain zuen.

Hiru asteburutarako bonoa erosteko aukera ere badago; 30 eurotan eskura daitezke horiek, aurrez aipatutako tokietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak