Manu Gallardo (Ozenki): "Operako obra handietako bat da 'Tosca"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko ots. 13a, 15:13

Ozenki elkartearen eskutik Pucciniren Tosca opera ezagunaz gozatzeko aukera egongo da martxoaren 28an Arrasateko Amaia antzokian. Opera munduko obra handienetako bat da, eta gaur egun mundu zabalean oso preziatuak diren artistak igoko dira Amaiako oholtzara. Horiekin batera, gainera, Arizmendi ikastolako koroak ere hartuko du parte. Domekan jarriko dira salgai sarrerak, 30 eurotan. 

"Tosca opera ekarriko dugu, operako obra handietako bat. Ilusio berezia egiten digu Tosca ekartzeak, guri ere gehien gustatzen zaigun operetako bat delako. Horregatik, opera gustuko duten guztiak animatzen ditugu etortzera, ikuskizun ederra izango dela uste dugu-eta". Antolakuntza lanetan buru-belarri diharduen Ozenki elkarteko Manu Gallardoren gonbidapenak ez du zalantzarako tarterik uzten. Martxoaren 28an opera munduko obra handienetako bat dator Amaia antzokira, Pucciniren Tosca. 1900. urteko urtarrilaren 14a estreinatu zen Erroman eta ordutik arrakastaz zabaldu da mundu osoan zehar. 

Hiru ekitaldi, bi atsedenaldi

Argumentua 1800. urteko ekainaren 14an dago kokatua, Napoleonen garaian, eta drama da nagusi. Madama Butterfly eta La Bohemerekin batera, Pucciniren obra ezagunena da, goi mailako ikuskizuna. Hiru ekitalditan dago banatuta eta bi ordu eta laurden iraungo du. Hori horrela, antolatzaileek aurreikusi dute bi atsedenaldi egitea.

Sarrerak 30 eurotan

Sarrerak etzi, domeka, jarriko dira salgai eta sarreren prezio orokorra 30 eurokoa da. Prezio merkea da, goi mailako opera bat dela kontuan hartzen bada: "Uste dugu prezioa oso zentzuzkoa dela, halako obra handien produkzioak izan ohi duten aurrekontua ikusita. Prezioa 30 eurokoa izango da, aurrekoen antzera, eta erabaki dugu zenbait ilaretan prezio merkeagoak jartzea. Ez askoz merkeagoak, ez dagoelako marjen handirik aurrekontuan, baina ilara batzuk 25 eurotan salduko dira", dio Gallardok. 

Seigarren opera

Ozenkik ekarriko duen seigarren opera izango da Tosca. La Boheme, La Traviatta, Carmen, Madama Butterfly eta Don Giovanni ekarri dituzte orain arte eta emanaldi guztietan ondo erantzun du publikoak: "Egia esan, orain arte publikoak eman duen erantzuna ona izan da eta gu oso pozik gaude. Guri gustatzeaz aparte, beste batzuen gozamenerako bada, ederto. Hori da gure helburu nagusia". 

Antolakuntza lan handia

Antolatzaileen pasioa izanik eta erantzuna ikusita, merezi du lana hartzea. Izan ere, ez da batera lan erraza halako ekitaldi bat antolatzea: "Atzean sekulako lana dago. Martxoaren 28an Amaia antzokiko agertokira, orkestra, abeslariak eta beste artista batzuk kontuan hartuta, 100 bat lagun igoko dira. Jende hori guztia mobilizatzea eta koordinatzea ez da lan erraza. Eta batez ere ekonomikoki bideragarria izatea da guri buruhauste gehien suposatzen diguna. Hori guztia kontuan hartuta, antolaketa lana zaila da"

Goi mailako artisten artean ez da bertako ordezkaritzarik faltako. Rakel Murgiondok zuzentzen duen Arizmendi Ikastolako koroak ere hartuko du parte.

Ohiko bideak sarrerak eskuratzeko

Esandako moduan, domeka honetan jarriko dira salgai sarrerak, ohiko lekuetan: Kutxabanken, Arrasateko Udalaren webgunean, Amaia antzokiko leihatilan edota ozenkielkartea@hotmail.es helbide elektronikora idatzita. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak