"Bertan egotea" izan da saria
Moriartikoek Loreak-ekin egindako ibilbidea izugarria izan da. "Izendapena saritzat hartu genuen, eta Madrilera disfrutatzera joan ginen", dio Aitor Arregi filmeko ekoizleak.
Argi dago Goyarik irabazi ez arren Loreak-ek Moriarti ekoiztexea mapan jarri duela. Antonio Banderasek galan esandako hitzak Moriartikoendako balekoak dira: "Atzera begiratzean egindako ibilbideaz ohartzen naiz, baina aurrera begiratuz gero, bide luzeagoa geratzen zaidala konturatzen naiz".
Gatzagarraren bigarren Goya
Debagoieneko ordezkaritza ez zen esku-hutsik bueltatu Madrildik. Karra Elejaldek bere bigarren saria jaso zuen Ocho apellidos vascos filmean egindako lanagatik. Saria jaso ostean, lankide izan zituenak eta Emilio Martinez Lazaro zuzendaria izan zituen gogoan. Horiez gain, aitari, osabari eta alabari eskaini zien saria. Bukatzeko, duela hilabete batzuk auto istripu batean hil zen Alex Angulorekin ere gogoratu zen.
Gala luzeegia
Dani Rovirak bere lana ongi egin zuen arren, oso gala luzea izan zen. Hasierako saio musikala ongi egon zen arren, hurrengoak ez ziren hain borobilak izan.
Wert ministroak BEZaren inguruko komentario bat edo beste entzun behar izan zituen arren, orokorrean politikak ez zuen protagonismo handirik izan.