Poetari, gorputzari eta maitaleei idatzitako gutunak, saridunak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko ots. 13a, 11:55
Epaimahaiko Fran Urias eta Maite Toledo, Jarduneko Miguel Angel Elkoroberezibar eta Maitane Arizabaletarekin.

Nafarroara joango dira gaur, egubakoitza, Kultura etxean 19:00etan banatuko dituzten Jardunen Amodiozko Gutunen 23. Lehiaketako bi sari nagusiak: Josune de Goñik eta Fernando Anbustegik idatzitako lanak izan dira, hurrenez hurren, aurtengo edizioko onenak. Ikaztegietako Leire Urretabizkaiak jasoko du Gazte saria eta Maddi Elortzak, berriz, bergarar onenarena. Irakurgai dituzue lan sarituak.

Maite Toledo idazleak, Hesian taldeko Fran Urias abeslariak, Urko Egaña bertsolariak eta Amaia Artola iazko lehiaketako irabazleak hartutako erabakia da hori; laurek osatu dute aurten epaimahai nagusia. "Gustura jardun dut lan horretan, eta nahiko erraz iritsi gara adostasunera. Bi txandatan banatu zizkiguten gutunak. Lehenengo irakurketan gure iritziz hamar onenak zirenak aukeratu genituen. Gero, lehiaketako koordinatzaileak, Maitane Arizabaletak, beste epaimahaikideek aukeratutako gutunen berri eman zigun. Berrirakurketa prozesu bat hasi genuen hor. Dena dela, saritutako gutunak hasieratik nabarmendu ziren", esan du Maite Toledok, eta zera gaineratu du: "Erromantikoa naiz oso, eta pertsonon arteko harremanak ditut gustuko. Lotsak albo batera laga, eta sarriago idatzi beharko genioke maite dugun horri. Amodio eta desamodio kontuek, maiteminak, sexuak eta biolin doinuek hunkitu naute, batik bat. Nire aukeraketak bide horretatik joan dira. Eta noski, testuingurua, erretorika eta idazkera literarioa ere kontuan hartu ditut; baita ondo idatzita eta borobilduta egotea ere. Eta, nola ez, amaiera on bat".

Aranzadi Ikastolako Goizane Larrañagari, Irati Sanzi eta Maddi Alberdiri eta Ipintza Institutuko Monika Alberdiri eta Helene Baztarrikari egokitu zaie 26 urtez azpikoen gutunak irakurri eta horien gaineko iritziak ematea. Irabazlea aukeratzeko orduan euren artean eztabaida izan zutela diote; azkenean, baina, saria Ikaztegietako Leire Urretabizkaiari ematea adostu zuten.

Hiru sari horiez gainera, bergarar onenaren saria ere banatuko dute: Maddi Elortzak jasoko du, bere gorputzari idatzitako eskutitzarengatik.

Ohiko gaiak eta originalak

Amodioa, desamodioa, maitemina, traizioa, maitasuna, gorrotoa, atxikimendua, nartzisismoa, dolua, gorrotoa, eskatologia, eskertzea… askotariko gaiak eta hartzaileak daude aurten jasotako gutunetan. "Alabaina, amodio kontuei lotutako gai bat gutxi aipatzen da: sexua", dio Maite Toledo epaimahaikideak.

Gutunetako hartzaileetan ere  aukera zabala dagoela gaineratu du Toledok: "Zenbait gutun, nahiz eta oso ondo eta euskara maila jazoarekin idatzita egon, gutun-ariketa soilak iruditu zaizkit; izan ere, gaia amodioa izaki, pertsonak ez diren denetariko hartzaileak daude, eta zenbaitetan protagonista zein den jakiteaz bat erori egin zaizkit istorioak. Pertsonen arteko amodio kontuak ditut nik gustuko. Oro har, gatazkak oso ondo garatuta daude, eta amaiera edo itxiera egokia dute".

Maitaleei idatzitako gutun asko jaso dituzte aurten ere: hilda dagoen maitale ezkutuari idatzi dio Gazte saria jaso duen Leire Urretabizkaiak eta bigarren sari nagusia eskuratu duen Fernando Anbustegik, berriz, hirurogei urte elkarrekin daroan bikotearen kontakizuna egin du, itsu dagoen senarrari idazten dion emakumearen paperean sartuta. Baina badira bitxikeriak ere: Goñi irabazleak antzinako Greziako Safo poetari idatzi dio eta Bergarako gutun onena, berriz, idazlearen gorputzari eskainita dago: "Gizarteko edertasun estereotipo perfektuetatik kanpo badago ere, maite dudala adierazi gura izan diot nire gorputzari", azaldu du Maddi Elortzak; hona hemen gutunaren pasarte bat:

Ene gorputzari:
Ezer baino lehen, barka nazazu gaur goizean, egiten zuen hotza kontuan izan gabe, ispiluaren aurrean biluztu izanagatik. Baina, barkamena eskatzen dizudan arren, aitortu behar dizut ez naizela damu. Ez naiz damu, ikusi egin nahi zintudalako, hobeto ezagutzeko, eta horrela, zu maitatu ahal izateko. Ikusteko biluztu zaitut; ezagutzeko biluztu zaitut; maitatzeko biluztu zaitut...

Asko eta maila onekoak

87 gutun jaso dituzte, guztira; horietatik 62 emakumeek idatzitakoak dira. Jatorriari dagokionez, berriz, gehienak gipuzkoarrak dira (65); horien artean daude Debagoieneko hogei lan. Jardun elkarteko Maitane Arizabaletak azaldu du pozik daudela jasotako kopuru eta lanen maila onarengatik: "Azkenengo urteetan egon den igoerarik nabarmenena izan dugu eta ia Euskal Herriko txoko guztietatik jaso ditugu gutunak, nahiz eta oraindik Iparraldeko gutunen hutsunea izan. Nafarroakoen kopuruak nabarmen egin du gora eta oso onak dira, gainera; horren erakusle da bi sari nagusiak lortu dituztela. Debagoieneko lan gehiago jasotzea gustatuko litzaiguke. Parte-hartzaileen adinari dagokionez, batez bestekoa gaztea da, 26 urte".

Guztiak gonbidatuta

"Edonor etor daiteke sari banaketa ikustera, eta ongietorria izango da", dio Jarduneko Maitane Arizabaletak; eta zera gaineratu du: "Ekitaldi xume baina polita izaten da. Gaur, Gazte epaimahaikoek egingo dituzte 19:00etan kultura etxean hasiko den ekitaldiko aurkezpen lanak. Herriko musika eskolako hari taldearen laguntzarekin irabazleek euren gutunak irakurriko dituzte eta ondoren luntxa izango da. Beraz, animatu, gustura hartuko zaituztegu-eta".

Laster zilarrezko ezteiak ospatuko ditu lehiaketak. Berrigara astekariaren 100. zenbakiaren aitzakian jaio zen; gerora antzerako lehiaketak sortu dituzten arren, Bergarakoa da aitzindaria. Euskaraz idaztea bultzatzea izan du hastapenetatik helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak