Ino Galparsoro: "Egoera 'kafkiano' honek bukatu egin beharko du momenturen baten"

Ubane Madera 2015ko urt. 30a, 16:02
Ino Galparsoro, 04/08 sumarioan ('Segura' sumarioa) inputatuta.

Ino Galparsoro Arrasateko alkate ohiak oraindik ez daki noiz hasiko den 04/08 epaiketa, berari eta ezker abertzaleko beste 34 hautetsiri eragiten dion epaiketa, alegia.

Ez duzue egutegirik, ala?
Pasatu ziguten programa bat, urtarrilaren 12an hasi eta ekainaren 8ra artekoa, San Fernando de Henares-en dagoen epaitegira joateko –Auzitegi Nazionala obretan dagoelako–, hilero hainbat egunetan. Urtarrilaren 12an, 07:00etan, gurekin hotelean zeuden abokatuetatik hiru atxilotu zituzten, guztiz zentzugabe eta bortitza izan zen polizia operazioan, eta aste hartako epaiketa egunak bertan behera geratu ziren. Orain, demaseko nahasmena sortu da. Hainbat abokatuk beste epaiketa batzuk ere badituzte, epaileak berak beste epaiketa bat… Ez dakigu noiz hasiko den. Pentsatzen genuen urtarrilaren 26rako erantzuna izango genuela, baina ez da horrela izan. Aprobetxatu nahi dut polizia operazio hau salatzeko, Euskal Herriaren eta euskal presoen kontrako operazio ulertezina da-eta.

Epaiketa aurten hasteko arrazoia non kokatzen duzue?
Euskal Herrian zabaldu den garai berrien bidearen aurkako politikaren barruan kokatzen dela uste dut, orain arteko beste hainbat sumario eta epaiketa moduan.
Atzera egin dezagun apur bat.  2008an atxilotu zintuzteten…

Atxiloketaren inguruan bada gauza bat esan beharrekoa: ni zitatua izan nintzen Madrilgo Auzitegi Nazionalera joateko apirilaren 30erako, 10:00etan. Ordu hartan han ez zegoen ezer nire kontra; ez poliziaren txostenik, ezta beste ezer ere. Uste dut presaka eta korrika poliziak egin zuela txosten bat, eta, horren arabera, egun berean, 11:30ean, lehen aldiz izan genuen aukera hura eskuratzeko. Konturatu ginen  poliziaren txostenaren sarrera 11:10ean izan zela. Kontuak kontu, han azaltzen ziren orain leporatzen dizkidatenak: batetik, prentsaurreko batzuetan parte hartu izana –orduko hauteskunde orokorren aurrean abstentzio aktiboa eskatuz–; eta bestetik, otsailaren 11n Garzon epaileak ilegalizatutako ANVren (EAE) autoan esandakoa ez nuela bete. Eta ondorioz, nire kontrako karguak honako hauek izan ziren: zilegi ez den elkarteko kide izatea eta agintari judizialarekiko desobedientzia larria.

Ez da zilegi prentsaurreko batean parte hartzea abstentzioa eskatuz?
Edozein estatu demokratikoan bai, baina sartu zuten Garzonen teoriaren barruan: Dena da ETA. Eta ni kartzelara bidali.

Abuztura arte…
Uztailaren 28ra arte. Hiru hilabete eskas. Atera nintzen 30.000 euroko fidantzapean eta astero-astero epaitegira sinatzeko betebeharrarekin, eta estatu espainoletik kanpora joateko debekuarekin. Harrezkero, astero-astero joaten naiz epaitegira sinatzera.

Epaileak froga moduan erabiltzen dituenen artean Arrasateko osoko bilkuren akta batzuk daude…
60.000 folio dira, guztira. Eta bai, badira aktak eta beste hainbat udal dokumentu. Niri leporatzen didaten delitua –prentsaurrekoetatik aparte– desobedientzia da. Diote otsailaren 11n ANV legez kanpo utzi arren, izen hori erabiltzen segitu izana Udaleko jardueran. Eta hori horrela da; kontuan izan behar da apirilaren 14ra arte ez zela auto hori jaso udaletxean. Eta bai udal idazkariak zein Eudeleko abokatuak egindako txostenean esaten zen auto horretan bertan behera uzten zuela udal konpetentziatik kanpo egiten zen aktibitatea, baina ez Udalari zegokiona.  Sumarioan agertzen dira otsailaren 11tik aurrerako  dokumentu mordo bat. Eta aipatzen dituzten prentsaurrekoak, adibidez, nik ez nituen eman. Han nengoen, beste hainbat moduan, baina ez nituen eman. Are gehiago, parte hartutako guztien artean ni bakarrik inputatu naute. Garbi dagoena da fabrikatutako epaiketa dela. Hasieratik garbi zegoen ezker abertzaleko kargu instituzional guztiak kanporatu egin nahi zituztela. Uste dut Euskal Herrian, orokorrean, egon zen erreakzioaren aurrean ezin izan zutela jarraitu nahi izan zuten moduan.

Zuen kausak ez du preskribatzen…
Ez, Espainian gaude eta Euskal Herriaren kontrako politikaz ari gara. Sumario berean gaude Seguran atxilotu zituztenak, Segurako zerrendatik, geroago atxilotu zituztenak –tartean Mikel, Mikelon eta Aitor Arantzabal, bergararrak– eta EHAK-ko bost ordezkari: lehendakaria; hiru legebiltzarkide izandakoak eta diruzaina. Eta ANVtik ere, neu naiz bat, baina lehendakaria –Kepa Bereziartua, hemen Arrasaten hil zena–, beste bi kide ere badaude. Horrela, guztira, 35 lagun gaude: hiru ANV, bost EHAK eta besteak Segurako operaziokoak.  Batzuk kargu publikoak eta denon kasuan geure aktibitate politikoengatik. Guztioi leporatzen digute zilegi ez den elkarte bateko kide izatea, eta guztiondako eskatzen dute hamar urteko kartzela zigorra.  

Ze esperantza duzue?
Momenturen batean egoera kafkiano honek bukaera izan beharko du. Guztiz surrealista da. Ez dakit guri tokatuko zaigun, baina espero dezagun azkena izango dela, behintzat. Uste dut epaiketa hauek inork ez dituela ulertzen Euskal Herrian, eta oztopo bat gehiago direla herri honen askatasunerako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak