Txikienekin zirkoaz eta magiaz gozateko modukoak, asteburuan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko urt. 23a, 12:48
'Mollie malone ipuin musikatua', Txalo konpainiaren haurrentzako komedia "magikoa" da.
Txaloren komedia "magikoa" Oñatin, eta Zirika Zirkusen "akrobazia musikatuak" Aretxabaletan

Antzerkiaz familia giroan gozatzeko hainbat aukera daude asteburuan. Txalo Konpainiak duela sei hilabete estreinatutako Mollie Malonen ipuin sinestezina egingo du bihar, zapatua, Oñatiko Santa Ana aretoan. Aretxabaletako Arkupe kultura etxean izango da, berriz, Nafarroako Zirika Zirkus taldea etzi, domeka, Txarlestrup ikuskizunarekin.

Oñatiko emanaldirako sarrerak, 3,50 eurotan eskura daitezke leihatilan, eta baita Bibe.me atarian ere. Aretxabaletako saiorako, berriz, 3 eurotan daude salgai Arkupe kultura etxean.

Aldaketa klimatikoaz

Iraitz Lizarraga, Alfonso Diez eta Aitor Fernandino aktoreek aldaketa klimatikoa oinarri duen gai serioa aukeratu dute Oñatin erakutsiko duten umeentzako antzezlan dibertigarria eta bukaera harrigarria duena sortzeko. Mollie Malonek aitaitaren dendan aurkituko dituen pertsonaiekin denborarekin gozatzearen garrantziaz jardungo du, bizirik daudela diruditen dekoratuetan murgilduta.

Antzerkia, musika eta zirkua

Zirkuko akrobazia ariketekin eta zuzenenean egindako musikaren gainean egindako dantzekin osatuko du Zirika Zirkus antzerki taldeak Aretxabaletan erakutsiko duen Txarlestrup lana. Hori guztia, talde nafarraren ikur diren ezinbesteko beste osagaiekin: umorea eta erritmoa.

Taularen gainean izango direnak, bada, ezin aktore moduan soilik aurkeztu; antzezteaz gainera musika tresnak jo eta akrobaziak ere egiten dituztelako. Honakoak izango dira Arkupen: Oier Bravo (klarinetea); Luis Lainez (washboard-a), Maribel Martinez (pianoa) eta Ainhoa Juaniz (kontrabaldea).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak