Joseba Azkarraga: "Biharkoa eztanda demokratiko ikaragarria izango da eta denok sentituko gara eroso"

Irati Goitia 2015ko urt. 9a, 10:04
Joseba Azkarraga.

Sare 2014ko ekainean sortu zen  euskal presoen, iheslarien eta deportatuen giza eskubideen alde lan egiteko helburuarekin. Joseba Azkarraga da mugimenduko bultzatzaileetako bat. Hark erregistratu du, hain zuzen, bihar Bilbon egingo den mobilizazioa

Zeintzuk dira Sareren helburuak?

Gure nahia da gizartea kohesionatzea, saretzea, presoen gaiaren inguruan. Hori da lehentasuna. Bestalde, baditugu lehentasunezkoak diren bi helburu garrantzitsu: praktikoki bizi osorako zigorra ahalbideratzen duten salbuespenezko legeak amaitzea eta gaixorik dauden presoen egoera aldatzea. Azken hori, gainera, ezinbestekoa da ikuspuntu humanitariotik. 

KonpONbidea ekimenetik sortu zen Sare, San Telmoko adierazpena egin eta hiru hilabetera. Nolatan sortu zen?

Sortu zen herri honetan genuen hutsune bat betetzeko, eta, batez ere, gizarte sare plurala eratzeko. Izan ere, gizarte osoari zabalik egongo den mugimendua osatu nahi bada, oso zaila da alderdi politiko edo sindikatuetatik egitea hori; hein batean, alderdi bakoitzak bere ideologia duelako. Kasu honetan, gizartetik sortu den sareaz hitz egiten ari gara. Behetik gora sortu den sareaz, auzoetatik eta herrietatik eratu denaz. Sakabanaketa amaitzea helburu politikoa ez dela pentsatzen duten herritarrek osatua eta giza eskubideen errespetua oinarri duena. 

Beraz, Sare gizabanakoetan oinarritzen dela esan genezake.

Bai, pertsonek osatzen dute. Mobilizazioari begira ere, guk ez genien deialdia egin alderdi politikoei edo sindikatuei; gizarte osoari baizik. Alderdiek egoki ikusten dutena egin dezatela. Sare, baina, gizartetik bertatik sortu dugu, herritarren ideologia  zein den galdetu gabe. Hala, biharko mobilizazioaren oinarriak hori izan behar duela deritzogu; ez inongo alderdiren deialdiak. 

Uste duzu herritarren gehiengoa datorrela bat Sareren helburuekin?

Nik uste dut zaila dela gehiengoez hitz egitea, baina uste dut gero eta jende gehiagok ulertzen duela ez duela zentzurik sakabanaketa presoei eta euren familiako kideei ezarritako zigor bezala mantentzen jarraitzeak, ETAren indarkeria desagertu zela hiru urte pasa dira-eta. Azken batean, hogei minutuko bisita baterako, ehunka edo milaka kilometro egin behar dituzte euren familiek. Legeak berak zehazten du, ordea, presoek euren etxetik gertu dauden espetxeetan egoteko eskubidea dutela. Beraz, nik uste dut presoen familientzako sufrimendu gehigarria eragiten duen hori amaitu egin behar dela. 

Zu zeu zergatik inplikatu zara Saren eta ez aurretik izan diren beste plataforma batzuetan?

Sarek hainbat ezaugarri betetzen dituelako; tartean, ideologia politikoetan oinarritzen ez den mugimendua da. Ez da alderdikeriarik nagusitzen eta giza eskubideen errespetuan oinarritzen da. Beste kontu bat da gaiak eztabaida sortzea alderdi politikoen artean, asteon prentsan irakurri dugun moduan. Sarek ez du konfrontazio horietan sartu behar, ordea.

Aste honetan Sortuk eta EAJk elkarren artean elkartrukatu dituzten mezuez ari zara?

Sortuko arduradunak adierazpen batzuk egin zituen eta EAJk erantzun dio manifestazioa ezker abertzalearen helburua dela. Sortuk nahi duena egin dezala, eta berdin EAJk. Guk errespetatu egiten ditugu alderdiak; beraz, guk ez diegu esan behar zer egin behar duten. Bestalde, guk ez ditugu alderdiak gonbidatu biharko manifestaziora; baizik eta gizartea bere osotasunean. Herritarrek eurek erabaki behar dute joan edo ez, ideologiak alde batera utzita. Guretzat garrantzitsuak herritarrak dira, eta izan dira atxikipenak euskal gizartearen pluraltasun osotik. Zerrenda ikusiz gero, kolore askotarikoak daudela ikus daiteke, baita alderdi sozialistakoak ere. 

Baina oraindik badituzue oztopoak. Carlos Urkixok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Bilbao Arena pabiloia Sareri ez uzteko eskatu zion Bilboko Udalari, iralean egin behar zenuten ekitaldirako, adibidez.

Bai, egia da oraindik gelditzen direla zirrikitu ez oso demokratikoak eta zuk aipatu duzun hori da adibideetako bat. Izan ere, kolektibo baten adierazpen askatasuna mozten saiatu ziren orduan. Uste dugu oraingo kasuan ez dela gauza bera errepikatuko, ez dugu uste biharko mobilizazioa galarazteko fiskaltzaren salaketarik egongo denik. Horrenbestez, biharkoa eztanda demokratiko ikaragarria izango dela uste dut. Ez da pankartarik izango. Nahi dugu jendea eroso sentitzea; hala, deserosotasuna sor dezakeen pankartarik edo oihurik ez da izango. 

Iazko urtarrileko manifestazioa isila izango zela adostu zen, baina ez zen hala izan. Hainbat deseroso sentitu zirelako hartu da erabaki hori?

Iaz izan ziren oihu batzuk, baina, manifestatu zen jendetza kontuan hartuta, oso zaila da halakorik ez izatea. Nik uste dut, ordea, ez diogula horri eman behar garrantzia. Iazkoa manifestazio baketsua, demokratikoa eta errespetuzkoa izan zen, eta hori da kontuan izan beharrekoa. Aurtengoa ere halakoa izango da. Horrela, joango diren pertsonak, familia osoak joango direla aurreikusten dugu, eroso egongo dira preso daudenen giza eskubideak errespeta daitezela eskatzeko. 

Uste duzu manifestazioa beharrezkoa dela Espainiako Gobernuak jarrera alda dezan?

ETAk erabakia hartu zuenetik hiru urte pasa dira eta ez da aldaketa positiborik izan, negatiboak baizik. Espetxe politikan atzerakada gertatu da eta presoen familiartekoei min handiagoa eman zaie. Hala, guk uste dugu euskal gizartea mobilizatu egin behar dela. Gustatuko litzaiguke salaketa hau alderdi politikoek euren agendan sartzea, baina, hori gertatzen ez den bitartean, uste dugu gizartea mobilizatu behar dela, konponbidea behar duen arazo bat dugula gogorarazteko. Eta bai, bihar mobilizazioa egingo dugu, baina ondoren etorriko dira hilaren 11, 12a, 13a... Horietan ere lanean jarraitu beharko dugu. Ditugun helburuak lortzeko urteko egun guztietan egin behar dugu lan. 

Zuk zeuk erregistratu duzu mobilizazioa.

Bai, baina Sareren izenean. 

Aukeratu duzuen leloa Now Euskal Herrira! da. Nazioarteratzea duzue  helburu horrekin?

Dispertsioaren inguruko 500.000 liburuxka atera ditugu eta horrekin lotuta dago. Mundu osoan gabiltza banatzen liburua, uste dugulako garrantzitsua dela mundu osoak ezagutzea nola urratzen diren eskubideak Espainian. Horregatik osatu dugu mezua hainbat hizkuntzarekin. 

Presoen irteera mailakatua ahalbideratuko luketen formulak beharrezkoak ikusten dituzu? 

Bai. Nik uste dut legea oinarri hartuta aukera dagoela irteera mailakatu hori egiteko. Ezin daitekeena onartu da Alderdi Popularraren gobernuak egiten duena, hau da, behin eta berriz legea bihurritzea, bete ez dadin. Hori da, esaterako, Frantziako espetxeetan betetako zigorrak kontuan ez hartzeko eta presoak Espainiako presondegietara lekualdatu dituztenean markagailua hutsean jartzeko eskatzen duenean egiten duena. Hori amaitu beharra dago. Guk nahi duguna da legea aplikatzea, baina ez salbuespenak eginda. Eta hori gertatzen da euskal presoekin. Legea aplikatuz gero, posible da espetxeetako egoera oso ezberdina izatea etorkizunean. 

Zein da bizikidetzarako beste urrats garrantzitsu bat? 

Nire ustez, oinarrizkoa da guztiok partaide sentituko garen memoriaren kontakizuna egitea. Izan ere, hemen hainbat biolentzia mota egon dira, Estatuarena edo eskuin muturrarena, ez ETArena bakarrik. Bestalde, ezin dugu ahaztu 9.600 tortura kasu baino gehiago izan direla. Denok partaide izango garen kontakizun hori osatzeak lan handia eskatzen du.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak