Urtea antxintxika amaitzeko hiru proposamen gurean

Ander Larrañaga 2014ko abe. 28a, 00:00
Eskoriatzako San Silbestreko aurkezpena, aste barruan.

Urtea kirola eginez amaitzeko aukera egongo da aurten ere gurean. Orain arte, Oñatin eta Eskoriatzan egin izan dituzte San Silbestreak; bada, aurten, bi horiei beste bat gehituko zaie: Bergarako Peugeot Etormobil saria.

Eskoriatzan, VII. Silbestradie egingo dute, 17:30ean. Goiz partean, herriko txikienei zuzendutako lasterketak egingo dituzte. Haurrek aukera izango dute dorsalak kolorez margotzeko, gainera. 10 urtetik beherakoen lasterketa 12:30ean hasiko da, eta ondoren txistorra jana izango dute, indarrak berreskuratzeko.

Arratsalde partean nagusien txanda izango da. 17:25ean brindisa egingo dute eta ondoren lasterketa. Herriko plazan hasiko dute ibilbidea, aurten berritua datorrena. Ibilbideko azken milan, IV.n Manuel Muñoz saria ospatuko da aurreko urteetan bezala, eta norgehiagoka bizia izango da. 18:00etan luncha izango dute.

Oñatin, zazpi kilometro

Dagoeneko ohitura bilakatu da oñatiarren artean San Silbestre lasterketa. Abenduaren 31n, 16:00etan gaztetxoen lasterketak egingo dituzte; eta, 16:30ean, nagusiena. Udaletxeko arkupetan eman beharko da izena hiru euroren truke, 16:00ak baino lehen. Urtero moduan, txokolatea banatuko dute parte hartzaileen artean.

Zazpi kilometroko ibilbidea izango da, herriko kaleetan. "Zazpi kilometro, gozatzeko; zazpi kilometro, lagun artean egiteko; zazpi kilometro, urteari agur esateko", diote antolatzaileek.

Bergarakoa, mendikoa 

Aurtengoa, lehenengoa izango da Bergaran. Mendi lasterketa izango da, Peugeot Etormobil Sari nagusia. Sei kilometro eta 500 metroko ibilbidea izango dute, 11:00etan Seminarioan hasita. 200 lagunendako zabaldu dute izen-ematea. Herrigunean hasiko dute, eta Itsasmenditik Murinondoratz egingo dute korrika ondoren. Seminarioan amaituko da lasterketa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak