Epaitegia inguratzeko adina jende eta gehiago batu da Bergaran, "epaiketa politikoen amaiera" eskatzeko

Julen Iriondo 2014ko abe. 13a, 21:22

Aitziber Plazaola, Aittor Arantzabal, Mikel Garaiondo eta Ino Galparsoro auzipetuak buruan jarrita –Mikel Zubimendi falta zen– egin dute giza katea, Bergara Libre eta INOereLIBRE ekimenek antolatuta. [ARGAZKIAK]

Espainiako Auzitegi Nazionalean, Segikoak izatea egotzita, epaitzen ari diren 28 gazteen kontrako epaiketa amaitzear –astean amaituko da–; Batasuneko, EHAK-ko eta EAE-ANVko kideen kontrako epaiketa hastear –urtarrilean hasiko da–. Eta herriko tabernetako eta elkarteetako ordezkariak Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain.

Aitziber Plazaola –lehenengoan auzipetua–, Aittor Arantzabal eta Mikel Garaiondo bergararrak –Mikel Zubimendik ez zuen egoterik izan– eta Ino Galparsoro arrasatearra –azken lauak, bigarren kausan auzipetuak– buruan jarrita, giza katea egin eta Bergarako epaitegia inguratuz eskatu zuten zapatu arratsaldean "epaiketa politikoak" bukatzea. Buelta eta erdi eman zioten epaitegiari, batutako jendearen artean –bailarako herri gehienetatik joandakoak zeuden, bertakoez gain–.

"Gure eskualdean, eta Euskal Herrian ere, oraindik badago epaiketa hauen aurrean erantzuteko gogoa, eta, benetan, guk eskertzen dugu babes hori", zioen ekitaldiaren amaieran, EAE-ANVren izenean aurkeztuta, Arrasateko alkate izandako Ino Galparsorok.

2008an hasitako epai-bidea da, besteak beste, Galparsoro orain akusatuen aulkitxora eramango duena: "Garbi dagoena da, estatu espainola ez dagoela Euskal Herriaren kontrako edozer gauza ez aprobetxatzeko, eta horren adibidea da hau".

Epaileak erabaki dezakeenari buruz galdetuta, aurrekariak –herriko tabernen auziko Auzitegi Nazionalaren sententzia– "oso txarrak" izan arren, espainiar estatuak, "egunen batean", beste bide bat hartu beharko duela zioen: "Ez dakit guri tokatuko zaigun, baina egunen batean etorriko da".

Aitziber Plazaola ere pozik zegoen debagoiendarrek zapatuko deialdiari emandako erantzunarekin; adierazi zuen euren kontrako epaiketan baieztatu dutela aurrez ziotena, euren "militantzia" dela epaitu dutena. Eman daitekeen epaia dela-eta, "alarma piztuta" dutela zioen, "edozer" izan daitekeela. Autobusa antolatu dute bailaratik eguaztenean Madrila, auzipetuak babestera, joateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak