Alberto Barandiaran: "Euskarazko hedabideak pluralak, kalitatezkoak eta irismen handienekoak behar dute izan"

Eneko Azkarate 2014ko abe. 12a, 10:00

Gertuko komunikabideak aztergai izan dituzte oraingo astean Aretxabaletan, MUko campusean. Diru-laguntzak hizpide izan dituzte, beste gai batzuen artean. Gaiari heldu dio elkarrizketa honetan euskarazko hedabide ez publikoak batzen dituen elkarteko zuzendariak, Alberto Barandiaranek.

Diru laguntza publikoak jasotzen dituzten euskarazko hedabideak pluralak izatearen beharra azpimarratu du oraingo astean Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Aretxabaletan egindako gertuko komunikabideen gaineko jardunaldietan. Ze irizten diozu?
Jaurlaritzaren diru-laguntzen ebazpena hizpide izan da azken asteotan eta, justu, gai hori hartuta mezu garbi bat ematera etorri da jardunaldiotara sailburuordea. Ez dakit toki egokiena zen gai hori plazaratzeko. Nire ustez hedabideen pluraltasuna, irismena, kalitatea…, sakon eta patxadaz hausnartzeko gaiak dira. Eta, batez ere, kontzeptu horiek zela neurtzen diren. Hekimen sortu genuenetik horretaz dihardugu. Jakina, euskarazko hedabideak pluralak, kalitatezkoak eta ahalik eta irismen handiena dutenak behar dute izan. Uste dut jardunaldiak oso interesgarriak izan direla honen guztiaren gainean berba egiteko.

Eusko Jaurlaritzaren azken diru-laguntzen ebazpenak hautsak harrotu zituen. Bareago daude kontuak orain?
Egia da zalaparta handia sortu zela. Ebazpenak ondorio nabarmenak izan zituelako. Alde horretatik, hedabide batzuetan sortu zuen ezinegona ulergarria da. Euskarazko hedabideen egoera ahula da eta azaroan, bat batean, etorri den diru-laguntzen ebazpenak ustekabean harrapatu du hainbat. Baina, aurrera begira, datorren urtean, gai hauez gogoeta sakon eta zabala egin beharra dago. Baztarrika sailburuordeak berretsi du hori oraingo astean eta horixe da garrantzitsuena. Gure ustez, diruak banatzeko irizpide aldaketak sektorearekin konpartitu gabe egitea ez da egokia. Ezinbestekoa da honi buruz lasai hausnartzea. Jakina, inork ez du zalantzan jartzen erakundeei dagokiela diruak banatzea eta horiek zela banatu erabakitzea. Baina erabakiak sektorearekin hausnartu ostean hartzea da gure ustez egokiena.

Kanpora begira, batzuek eman duten irudia izan da diru laguntzek prentsa nazionala kaltetu dutela tokikoen mesedetan.
Sektore honetan bakoitzak egiten duen lana sektore osoarendako da mesedegarri. Esaterako, Goiena moduko tokiko hedabide indartsu edo erreferentziazkoa mesedegarria da Berriarendako ere. Irakurle harrobi izan daitekeelako, esaterako. Eta, bestetik, prentsa nazionalak ere sektoreari mesede egiten dio, gai batzuk hark bakarrik landu ditzakeelako, esaterako.

Hedabideen irismena izan da hika-mika sortu duen gaia. Zer da Hekimenek proposatzen dena diru-laguntzen irizpideen gainean?
Hekimenek dio gogoeta zabal eta integrala egin behar dela. Guk diogu euskarazko hedabideen sektorea zabala dela eta hainbat esparru betetzen duela: nazio mailakoa, tokian tokikoa… Gaur egun daukaguna gutxienekoa da. Erabaki dezagun esparru bakoitzak ze babes eta ze diru-laguntza behar duen. Jaurlaritzak dio 4,8 milioi euro asko dela eta, bai, asko da gauza batzuetarako eta ez da nahikoa beste gauza batzuetarako. Goazen erabakitzera sektoreak modu duinean lan egiteko behar duen diru kopurua zenbatekoa den, kontuan hartuta sektorearen autofinantzaketa jendeak uste duena baino handiagoa dela. Orokorrean, %75ekoa da. Bistan da diru laguntzak ez direla sektorearen babes nagusia, komunitatea bera baizik. Eta, gero, bestalde, azter dezagun zer egin hedabideak kalitatezkoenak izan daitezen, zenbat eta jende gehiagorengana hel daitezen, zela egin efizienteago… Horiek denak eta hedabideon errentagarritasun soziala azter ditzagun.

Kalitatearekin kontrajarria da irismena?
Ez. Erabat osagarriak dira. Kalitatea ezinbestekoa da hedabideen jarduna ziurtatzeko. Eta kalitate mota ezberdinak daude. Berria-ri eskatzen diodana ezin diot eskatu Guaixe-ri. Kalitate estandar ezberdinak dira. Eta irismenaren gainean ere berdin: tokiko hedabide bati eskatzen diodana ezin diot eskatu Argia-ri.

Hedabideen funtzio sozialaz jardun da MUko jardunaldietan. Erakundeek, herritarrek, aitortzen diete funtzio hori euskarazko hedabideei?
Inpresioa daukat herritarrek baietz. Zalantzarik ez daukat Arrasateko herritarrak jakitun direla eta baloratzen dutela Goienak egiten duen lana. Informazio kalitatezko eta hurbilekoa jasotzea baloratzen dutela uste dut. Herritarren eta kontsumitzaileen artean garbi ikusten da hori. Erakundeen artean zailagoa iruditzen zait. Orokorrean, erakundeek baloratzen dute efizientzia ekonomikoa, itzultze ekonomikoa, zenbat jenderengana heltzen zaren, ze aurrekontu daukazun, zenbat saltzen duzun… Eta hor, hedabideen funtzio soziala diluitu egiten da. Alde horretatik, Europako beste toki batzuetan egiten den moduan, hemen ere halako zerbait egingo dute MUko Ikus-entzunezkoetako ikerlariek eta hori ona da. Gizarte itzulketa hori balioan jarri behar delako, neurtzea ezinbestekoa da.

Euskarazko hedabideen audientziak neurtzeko sistema propio edo berria da Hekimenen egitekoetako bat. Ze puntutan dago kontua?
Hainbat proiektu dauzkagu abian zentzu horretan. Hedabideen interneteko kontsumoaren edo audientzien gainekoa da bat. Horren bidez, neurtu nahi dugu interneteko jarduna, sare sozialetan eragina… Jendeak zela kontsumitzen duen aztertu nahi dugu. Beste lan bat izango da hedabide guztien kartografia bat egitea: non dauden, zenbat langile dituzten, ze profilekoak, ze produktu egiten dituzten, zenbateko publizitate sarrera duten… Gero eta datu gehiago izan nahi ditugu, aldarrikatzeko euskarazko hedabideek duten funtzio soziala.

Hedabideon errentagarritasun soziala kontuan izan behar da diru-laguntzak banatzerakoan?
Bai, bai, zalantzarik barik. Beste neurgailu batzuekin batera, hori ere bai. Gero, errentagarritasun sozial ezberdinak ere izango dira eta hedabideak modu ezberdinean ebaluatu beharko ditugu. Oso errealitate ezberdinak daude eta ezin dira guztiak zaku berean sartu.

Eusko Legebiltzarrean egon zarete berriki. Alderdi politikoek konpromisorik hartu dute euskarazko hedabideen inguruan?
Konpromiso ezberdina izan behar dute gobernuan dagoenak eta oposizioan dagoenak. Edozelan ere, oso positiboa dira Eusko Legebiltzarrean egin ditugun harremanak. Balio izan digu gure argudioak eta mezuak zabaltzeko. Konpromiso zehatzik ez dugu lortu, baina ona izan da egin dugun lana.

Alea aldizkaria aterako da urtarriletik aurrera Araban. Pozgarria?
Bai, bai, zalantzarik barik. Eta, pozgarria da proiektuan Goiena eta Berria elkarrekin aritzea Geu elkartearekin batera. Hedabideek proiektuak elkarrekin bultzatzeko borondatea edukitzea pozgarria da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak