Kutxabankeko presidente Mario Fernandezek dimisioa eman du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko aza. 27a, 11:40
Argazkia: apeuropeos.org

Mario Fernandez (Bilbo, 1943) Kutxabankeko presidenteak dimisioa aurkeztu du gaur goizean. Administrazio Kontseiluaren bileran egin du hori. Kutxabankek ohar bidez azaldu duenez, uda aurretik aurreratu zuen Fernandezek bere agintaldia amaitzeko asmoa "erreferentziazko akziodunari" (BBK Fundazioa), garai hau bukatutzat emateko eta testigua momento egokian emateko. Kutxabankek bihar esango du nork hartuko duen presidentearen lekua.

Sei urteko agintaldia amaitu du dimisioarekin Mario Fernandezek. BBKko presidente izendatu zuten Fernandez 2009an, Xabier Iralaren lekukoa hartuz. Ondoren, hiru kutxen fusioa gauzatu zen. Aurreko bi aldietan fusioak porrot egin zuen, eta Fernandez hori lortu eta fusioak ekarriko zizkion erronkei aurre egiteko ere heldu zen. Hiru kutxek 2012an egin zuten bat, eta Fernandez presidente hautatu zuten.

Hezkuntza arlora itzuliko da

Fernandezek berak aipatu duenez, beste hainbat kasuetan esan bezala, hezkuntza arlora bueltatzeko asmoa du. Deustuko Unibertsitatean irakasle zen, eta Uria y Menendez bulegoan lan egin izan du abokatu moduan.

Dimisioa emateko arrazoiak Vocento taldeko egunkarien ustez

Vocento taldeko egunkariek zabaldu dutenez, EAJko eta Kutxabankeko zenbait arduradunekin izan dituen desadostasunak izan dira dimisioa emateko arrazoia. Desadostasun horiek etorkizuneko estrategiaren ingurukoak eta kapital pribatuaren sarreraren ingurukoak direla diote egunkari horiek.

Presidente berria Administrazio kontseiluak izendatuko du

Kutxabankek aurreratu du bihar aukeratuko dutela presidente berria izango den kontseilaria. Ondoren, pertsona hori presidente izendatuko dute Administrazio Kontseiluan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak