Oscar Terol: "Talentuak, berak bakarrik, ez zaramatza inora ere"

Txomin Madina Milikua 2014ko aza. 27a, 00:00
Oscar Terol.

Hainbat proiektutan dabil donostiarra: antzerkian, Figurantes obrarekin, eta telebistan, oraindik ere Antena3 prestatzen dabilen Allí abajo telesailean aktore eta sortzaile moduan.

1. Figurantes-en zazpi pertsonaia egiten dituzu. Emanaldi bat amaitzean, identitate krisirik bai?

Bai, zazpi pertsonaia egin eta txanoren bat janztean edo azenturen bat jartzean ez nahasteak berez dakarren identitate krisia.  

 

2. Pozik obrak izandako harreraz?

Helburua komedia bat egitea zen, jendeak barre egiten du, eta zoriontsua naiz horrekin. Obra oraindik ere bizirik dago, eta, gauzak dauden moduan, hori lorpen bat da. 

 

3. Laster Allí abajo-n ikusiko zaitugu, Antena3en telesail berrian.

Komedia bat da, gura ez arren bere amarekin Andaluziara bidaian doan donostiar bati buruzkoa. Han daudela, ama koman sartu, eta Sevillan geratu beharra du. Hamar bat euskal aktorek hartuko dugu parte, eta ilusio handia egiten dit. Baliabide askorekin egindakoa da; uste dut emaitza ona izango duela. 

 

4. Vaya Semanita-n zurekin egon ziren hainbat aktore daude tartean.

Bedeinkapen bat da, berriz lehen aldiz elkar begiratzea moduan. Lagunak dira, profesional oso onak, eta ilusioa egiten dit Estatu mailan publikoak ezagutzea.

 

5. Euskal gaiekin lotutakoak modan daude?

Ni euskalduna izanda, seinale ona da, lana esan gura du-eta. Ocho apellidos vascos-ek izan du zerikusia; baina moda bat baino esango nuke dela hemengo profesionalek lan ona egiten dugulako.

 

6. Zu zeu, behintzat, aditua zara euskal kontuei zukua ateratzen.

Komikoa naiz, eta inguruko gaiekin egiten dut umorea: ez dut aparteko meriturik, ingurukoa kontatzen dut. Maitasunetik egiten dut, eta naizen lekukoa izatearen harrotasunarekin; ezagut gaitzatela.

 

7. Noizko beste liburu bat?

Orain konplikatua da, telesailaren gidoiekin ari naiz-eta. Liburuak beti gutxien espero nituenean heldu zaizkit: proposatu dizkidate eta egin ditut. Ziur nago hemendik denbora batera izango dudala beste bat idazteko aukera.

 

8. Showman hitza existituko ez balitz, zuretzako asmatu beharko litzateke?

Luxua da showman deitzea; norbaitek inoiz barre eragin niola esatearekin konformatzen naiz.  Komikotzat dut neure burua, dibertigarriak izan gura duten istorioak kontatzen dituen norbait.

 

9. Buru azkarrekoa izatea berezkoa da ala entrenatzen den zerbait?

Denok ditugu berezko gaitasunak, baina helburuak lortzeko, landu egin behar dira. Talentuak, berak bakarrik, ez zaramatza inora ere; lana garrantzitsuagoa da. 

 

10. Lourviersen itzuleragatik edo Vaya Semanita utzi izanagatik, zergatik galdetzen dizute gehiago?

Askogatik, Vaya Semanita-gatik. Ezin izaten dut labur azaldu; Amazonia esaldi bakarrean laburtzea bezala da. 

----------

Makila magikoa baneuka: "Gizakiok gizakiongan gehiago sinisteko kontzientzia piztuko nuke"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak