Elkar ezagutzen eta gai politiko eta sozialetan sakontzen jarraituko dute gaur bailarako gaztetxeek

Miren Arregi Amasorrain 2014ko aza. 22a, 11:28

Eguenean hasi zituzten Arrasaten Debagoieneko Gaztetxeen VI. Jardunaldiak eta bihar emango diote amaiera egitarauari. Atzo, egubakoitza, bailarako gaztetxeen asanblada egin zuten eta ondoren, Gernikako Astra eta Sestaoko Txirbilenea kulturguneen eta Antzuolako gaztetxearen esperientziak ezagutu ahal izan zituzten. Gaur, tailerrak, dokumental eta mahai inguruak eta kontzertuak egingo dituzte.

Esperientziak elkartrukatzea, haietatik ikastea, elkar ezagutzea eta gai politiko eta sozialez eztabaidatzea dira beste batzuen artean Debagoieneko Gaztetxeen VI. Jardunaldien helburuak. Arrasaten egiten diren bailarako bigarren topaketak dira hauek –iaz Oñatin egin zituzten–.

Bailaraz kanpoko proiektuak

Bailarako esperientziak ezagutu ez ezik, Euskal Herriko beste toki batzuetako proiektuak ere ezagutu ahal izan dituzte jardunaldietan batu direnek. Atzo, Gernikako Astra eta Sestaoko Txirbilenea kulturguneetako ordezkariak izan ziren Arrasaten euren esperientzien, egoeraren eta erronken gainean jarduten.

Gaur ere jarraituko dute bestelako kontuekin, izan ere, goizean Ezker Abertzalearen egokipen estrategikoaren inguruko ekarpena delako hitzaldia izan dute. Arratsaldean, propaganda tailerraren ostean Tomar el escenario dokumentala eskainiko dute eta ondoren mahai ingurua izango da. Musika alternatiboan emakumearen presentziak eta gabeziak aztertzen ditu dokumentalak.

Errealitate desberdinak, arazo berdinak

Jardunaldietan atzo batu ziren bailarako gaztetxe desberdinetako ordezkariek adierazi zuten, oso funtzionatzeko modu desberdinak dituztela gaztetxeek. "Herri bakoitza da desberdina eta horregatik erantzuna ere desberdinak da", zioten ordezkariek. Eta gaineratu: "Hori bai, denok ditugu arazo eta kezka antzekoak".

Etorkizuneko erronkez galdetuta, adierazi zuten besteak beste erronkak jarraitzen duela izaten gaztetxea izatea autogestioan oinarritutako alternatiba izatea.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak