Bi mendi lasterketa berri datozen hilabeteotan, Arrasaten eta Bergaran

Xabier Urtzelai 2014ko aza. 20a, 13:53
Iñigo Altzola arrasatearra –ezkerrean– aurtengo Aloñako Igoeran. Argazkia: Aritz Gordo.

Mendi lasterketen gorakada haziz doa, eta datozen hilabeteotan bi proba berri izango ditugu gurean, Arrasaten eta Bergaran. Hasteko, urtea agurtzeko proposamen bereziaz datoz Bergarako Hankaluzetrail taldeko lagunak, Peugeot Etormobil Sari Nagusia izango duen San Silbestre lasterketa egingo dute-eta abenduaren 31n. Arrasaten, ostera, apirilaren 19an egingo dute Udalatxetik joan-etorriko lasterketa.

 

Urteko azken eguna kirola eginez amaitzeko proposamenaz datoz Bergarako Hankaluze taldekoak. Hala, hilaren 31n korrikalariak San Martin plazatik abiatuko dira (11:00) eta 6,5 kilometroko lasterketa izango dute aurretik (Izenematea zabalik dago, www.kirolprobak.com webgunean).  

Distantziagatik eta desnibelarengatik korrika apur bat egiten duen edonork egiteko moduko lasterketa izango da, eta hori da antolatzaileen asmoa, gainera, urtea bikain amaitzeko aitzakia izatea. Hori bai, Hankaluzekoek azpimarratu moduan, plazatik egurrean irteten denak, seguru, berotualdi polita hartuko duela. 

Arrasate-Udalatx, apirilean 

Hurrengo lasterketaz gozatzeko 2015eko apirilera itxaron beharko da. Hala, Arrasateko hainbat mendi lasterkarik Mondraitz izeneko kirol taldea sortu berri dute, eta hori izango da talde berri horren lehenengo erronka, Arrasate eta Udalatx artean egingo duten lasterketa antolatzea. 

Lasterketa hau Bergarakoa baino zorrotzagoa izango da, Arrasateko kaleetan hasiko dute eta Monterronetik gora egin, eta Meatzerrekara jaitsi ostean, atletek Udalatxetik (1.117 metro) eta Besaidetik (564 metro) joan-etorria egingo dute, plazara itzuli arte (21km). Datorren urtean zabalduko dute izenemate epea.     

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak