Autobus zerbitzu berrien nondik norakoak azaldu ditu Aldundiak Arrasaten

Txomin Madina Milikua 2014ko urr. 15a, 21:42

Larraitz Ugartek, Azpiegiturak eta Mugikortasun Foru Diputatuak, azaldu duenez, Debagoienerako planteatu diren zerbitzuekin, "apustu oso garrantzitsua" egin dute. Azpimarratu du lanketa egiteko erabili den prozesua, Gipuzkoa mailan, "inoizko prozesu parte-hartzaile handiena" izan dela. Aurreikuspenak betetzen badira, urtarriletik aurrera jarriko dira martxan zerbitzu berriak.

Jende asko batu da gaur arratsaldean Arrasateko Kulturaten Aldundiak martxan jarriko dituen autobus zerbitzu berrien nondik norakoak jasoteko. Azpiegiturak eta Mugikortasun Foru Diputatu Larraitz Ugarte izan da bilera informatiboan, eta azaldu du Aldundiak Debagoienerako "apustu oso garrantzitsua" egin duela zerbitzu berriekin.

Debagoienari dagokionez, gaur egun egiten dituzten 8 milioi kilometroetatik, 10,5 milioi kilometro egitera pasatuko dira autobus publikoak zerbitzu berriekin. "Kilometro kopurua %33 haziko da, eta nik uste dut hau datu oso garrantzitsua dela herritarrak Aldundiak egin duen esfortzuaz jabetu daitezen", esan du Ugartek.

Hainbat zerbitzu berri

Zerbitzu berriei dagokienez, Arrasate eta Bergara artean 15 minuturo egongo dira autobusak, eta honetaz gainera, bi autobus zirkular egongo dira eskualde guztia zeharkatuko dutenak. Eskoriatzatik hasiko dira bi linea zirkular hauek, eta Zumarragaraino joango dira; bata lehenengo Oñatitik pasatuz, eta bestea, lehenengo Bergaratik pasatuz.

Donostiara eta Gasteizera begira ere hobekuntzak iragarri ditu Ugartek; baita Eskoriatza eta Bergara arteko ardatzetik kanpo geratzen diren herrietarako ere. Hala, Oñatik lotura zuzen gehiago izango ditu, eta Leintz Gatzagak zerbitzu gehiago, eskaripean.

Udan, Debara konexio bat jarriko da, eta ikasleak aintzat hartuta, Elgoibarrera ere egongo da zerbitzurik. Ibarreko herriek, gainera, orduerdiro izango dute zerbitzua Arrasate eta Zumarragako ospitalekin. "Zerbitzua asko osatzen da", azaldu du Larraitz Ugartek.

"Inoizko parte-hartze handiena"

Zerbitzu berriak definitzeko, Gipuzkoako 56 herritan egin dituzte bilerak, eta denera 5.000 pertsona inguruk hartu dute parte berauetan, "Gipuzkoan egin den inoizko parte-hartze prozesu handiena izan da", azaldu du Azpiegiturak eta Mugikortasun Foru Diputatuak, eta azpimarratu du askotariko herritarrek hartu dutela parte prozesuan.

Azaldu du, era berean, bileretan egin diren ekarpenen %75 onartu dituztela; gaineratu du onartu ez diren gehienak, autobus zerbitzuekin lotura zuzena ez zuten ekarpenak izan direla, eta zenbait kasutan burutu egingo direla.

Urtarriletik aurrera

"Autobus zerbitzuak esleitzeko prozesuak zabalik daude, eta enpresak proposamenak lantzen ari dira. Espero dugu abenduan kontratuak sinatzea eta urtarrilean zerbitzu berria martxan egotea", esan du Larraitz Ugartek. Lurraldebusek hartu duen irudi berriarekin gainera, autobusen itxura ere aldatuko dela iragarri du.

"Hobekuntza nabarmenak egiten ari gara, inbertsio maila altuarekin, baina pozik gaude, uste dugu-eta garraioa lehen mailako zerbitzu publikoa dela, behar beharrezkoa", adierazi du foru diputatuak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak