60 langilek dihardute Garagartzan eta San Andresen, CNA-Fagor Etxetresnendako

Eneko Azkarate 2014ko urr. 2a, 14:18

Catako zuzendari orokor Francisco Martin hedabideen aurrean agertu da Arrasaten. Fagor Etxetresnetarako dituzten asmoak betetzen ari direla adierazi die Gipuzkoako Diputazioko eta Debagoieneko Mankomunitateko buruei. Izan ere, Martin Garitano ahaldun nagusiarekin batzartu da San Andresen. Dagoeneko, 60 langile lanean hasiak direla eta hil amaieran Garagartza, Eskoriatza eta Bergarako lantokietan gehiago hasiko direla esan du Catako zuzendari orokorrak.

Martin Garitanok Diputazioaren babesa eman die Cata enpresako arduradunei proiektu berri hori aurrera eramateko.

Francisco Martinek adierazi du aurreikusitako bidetik doala Fagor Etxetresnetako jarduera industriala eta komertziala martxan jartzeko prozesua. Aktiboen eskualdatzea urriaren 8rako aurreikusita dagoela eta jarduera industriala eta komertziala urri amaieran abian jartzeko asmoa dagoela esan du. Fagor Etxetresnetako lantokietan, gehienak Garagartzan, dagoeneko 60 langile ari direla eta hil amaieran langile gehiago hasiko direla.

Adierazi du hornitzaileekin harremanetan ari direla eta horren arabera joango direla langileak hartzen. Horregatik, hil amaierarako zenbat izango diren jakiterik ez dagoela, baina "kantitate inportantea" izango dela.

Garagartza, Eskoriatza eta Bergara

Bestalde, adierazi du erabakitakoa betetzen joango direla, era berean, Fagor Etxetresnetako kooperatibisten eta bestelako langileen gainean. Lantokien jardueraren inguruan galdetuta adierazi du hil honen amaieran Garagartzako eta Eskoriatzako lantokien jarduera industriala martxan izango direla eta, horretaz gain, Bergarako lantokia ere abian jarriko dutela "erabat konfirmatuta" daukatela. Hori guztia erabat ziurtatuta daukatela, eta, bestelakoan, 2015eko aurrekontua lantzen dihardutela eta bakarrik azaroan egongo direla hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ziurtatzeko moduan.

Langileak gaur lanean Fagor Etxetresnetako San Andresko bulegoetan.

 

Garagartzako makinak egoera onean

Fagor Etxetresnetako Garagartzako makinak berriro martxan jartzeko orduan ustekaberik izan duten galdetuta, adierazi du ez dutela "arazo inportanterik" aurkitu orain arte, egoera onean daudela urtebete geldirik egon diren makinak eta ez dela oztopo bihurtu kontu hori.

Edesaren zain

Edesako lantokiaren gainean galdetuta, adierazi du lantegiaren beraren adjudikazioa oraindik egiteke dagoela eta, bestalde, erabakitzeko dagoela Edesako produkzioaren ze zati den bideragarria eta produkzioa non kokatuko den.

Markak: Fagor, Edesa, CNAkoak...

Produktu berrien markaren gainean adierazi du hainbatekin abiatuko direla: "Fagor, Edesa, beste hirugarren batzuk eta, seguruen, baita CNA taldeko markaren batekin ere".

Catako eta Gipuzkoako Diputazioko eta Debagoieneko Mankomunitateko ordezkariak gaur Arrasaten.

 

Ahaldun nagusia, "pozik"

Martin Garitano diputatu nagusia ere agertu da hedabideen aurrean eta adierazi du pozik daudela, Fagor Etxetresnetako lantokiak itxi ostean langileekin batzartu eta hamar hilabetera berriro ere Fagorrera itzuli direlako. Fagor Etxetresnek Arrasateko San Andres auzoan duten lantegian langile batzuk dagoeneko lanean hasiak direla bertatik bertara konprobatu ahal izan dutela esan du Garitanok.

25 milioi euroko zorra

Eguaztenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan Elena Franco Ogasun diputatuak esandakoa berretsi du Garitanok, hau da, Fagor Etxetresna Elektrikoek Gipuzkoako Ogasunari zor dizkioten 25 milioi euro errekuperatzeko esperantzarik ez dutela, "konkurtso legearen arabera, ez delako lehentasunezkoa".

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Francisco Martin Catako zuzendari orokorraz gain, batzarrean izan dira Xabier Bengoetxea Fagor etxetresnetako Errektore Kontseiluko presidente izandakoa eta gaur egun Cata-Fagorren zuzendaritzan diharduena eta Diputazioko eta Debagoieneko Mankomunitateko beste ordezkari batzuk ere: Inaxio Azkarragaurizar Mankomunitateko presidentea eta Igor Ezpeleta Garapen agentziako arduraduna, eta, Diputazioaren aldetik, Jon Peli Uriguen Berrikuntza Diputatua eta Pedro Iturbe Lurralde Garapeneko zuzendaria.

Martin Garitano ahaldun nagusia eta Xabier Bengoetxea Fagor Etxetresnetako presidente ohia gaur.

 

Garapen Agentziarekin 450 lanpostu

Diputatu nagusiak gogorarazi du Aldundiak, Debagoieneko Garapenerako Agentziarekin elkarlanean, azken urtean 450 enpleguren sorrera sustatu duela eskualdean, gehienak teknologia arlokoak. Halaber, Garapen Agentziarekin batera, Debagoieneko "industria sarea hobetzeko eta lehiakor bihurtzeko ahaleginetan" ari direla.

Gizarte Segurantzak "erantzukizunez jokatu"

Diputatu nagusiak adierazi du administrazio zentralak, eta, bereziki, Gizarte Segurantzak "erantzukizunez jokatu" behar dutela, eta epe motzerako planteamendu bat izateaz gain, kontuan eduki behar dutela Fagor Etxetresnetako jarduera berriro martxan jartzeak "onura" ekarriko diola gizarteari eta, gainera, baliabide berriak emango dizkiola Gizarte Segurantzaren diruzaintzari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak