Ugarte ez da ahaldun nagusigai izango

Eneko Azkarate 2014ko urr. 1a, 11:05
Larraitz Ugarte, artxiboko irudi baten, Arrasaten.

Larraitz Ugarte ez da izango EH Bilduren hautagaia Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko datorren maiatzeko hauteskundeetan. Martin Garitano ahaldun nagusiak errepikatzeari ezetza eman ostean, Ugarteren izena agertu zen kinieletan, baina oñatiarrak gaur esan du Euskadi Irratian ez dela hura izango: "Nik ez dut zalantzarik Gipuzkoarako hautagai oso ona izango dugula, EH Bilduk hautagai oso ona aurkeztuko duela eta ahaldun nagusi bikaina izango dela, baina ez naiz ni izango". Hala mintzatu da Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta Bide Azpiegituretako diputatua.

Hainbat informaziotan agertzen zen Larraitz Ugarte ahaldun nagusigai moduan, baita Elena Franco gaur egungo Ogasuneko diputatua ere. Azken honek ere ezetz esan du, Berria egunkariak egindako elkarrizketan. Xabier Olano da entzun edo irakurri izan dugun beste izen bat. Gaur egun Ogasuneko zuzendaria da eta batzarkide, eta bozeramaile, izana da Gipuzkoako Batzar Nagusietan Euskal Herritarrok eta HBrekin. Baina, bestalde, han eta hemen zabaldu da EH Bilduk emakumezko bat aurkeztuko duela hurrengo Foru hauteskundeetarako Gipuzkoan. Ikusiko dugu hurrengo hilabeteotan.

Dagoeneko argi dagoena da Rafaela Romero mondragoetarra ez dela izango PSE-EEren ahaldun nagusigaia. Hala dio gaur El Diaro Vasco-k argitaratu duen elkarrizketan. Gaur egungo PSE-EEren bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusi berriaren taldeko kide da euskal sozialisten exekutiban. Hortaz, alderdi barruko kontuei lehentasuna emango die Romerok.

EAJren hautagaia Markel Olano izango da, Hori ere jakinekoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak