Jon Altuna: "MUren izaera eta bokazio publikoa aitortzea eskatzen diegu erakundeei"

Eneko Azkarate 2014ko ira. 29a, 12:00

MUko errektoreorde akademikoa da Jon Altuna (Lazkao, 43 urte). Urteak daroatza MUn. Goi Eskola Politeknikoan egin zituen ikasketak, irakasle eta ikertzaile ere aritua da bertan eta 2011 ezkero da MUko errektoreorde.

Datorren urtetik aurrera ere segituko du, Bixente Atxa errektore berriarekin batera. Unibertsitatearen jardunaz eta erronkez dihardu.

Euskal Unibertsitate Sistema aldarrikatu zuen joan den astean MUko errektore Josu Zabalak, MUren ikasturte hasiera ekitaldian. Zer esan nahi duzue horrekin?
Eskatzen dugu maila instituzionaletik aitortzea izaera ezberdina ditugun hiru unibertsitateon bokazio publikoa. Izaera publiko, pribatu, elizako, kooperatibo… hori kontuan hartzeke, eta beste hezkuntza maila batzuetan gertatzen den moduan, izaera edo erabilgarritasun publikoa aitortzea unibertsitate guztiei. Gazteak formatzen ditugunean ez ditugu hezten sektore pribaturako edo kooperatiborako soilik. Orokorrean, euskal gizarterako prestatuta dagoen jendea dago. Gizartearen zerbitzura gaude, eta, unibertsitate publikoak bezala, guk ere bokazio edo izaera publikoa daukagu.

Publiko-pribatu paradigma amaitzea?
Hori da. Beste garai bateko kontuak dira horiek. Gaur egun eta testuinguru honetan ez baditugu puskatzen paradigma horiek, nekez egingo dugu aurrera. Euskal Herrian baditugu hainbat adibide; esaterako, herri mugimenduetatik sortu diren hainbat erakunde, ekonomiaren edo ikerkuntzaren motor izan direnak.

Finantzazio kontuez ari zen errektorea?
Horren gainean ere bai, jakina. Baina hasierako pausoa da aitortzea. Erabakietan parte hartzeko borondatea. Alde horretatik, Euskal Unibertsitateen Sistema eratu denetik asko aurreratu da. MUk erabakietan parte hartzeko aukera du orain. Baina hori baino harantzago doa gure aldarrikapena eta finantzazioaz ere berba egin behar da. Izan ere, gure unibertsitateari eskatzen zaion gizarte ardurari nekez egingo diogu aurre, ez badaukagu finantzazio marko egoki bat.

Gaur egun ez dago finantzazio marko egokia euskal unibertsitateen artean?
Bakoitzak esango du ezetz. Ulertzen dugu testuinguru ekonomikoa. Baina uste dugu desoreka handia dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateen artean, unibertsitate publiko eta bokazio sozial publikoko beste bien artean. Zerbitzu publikoa aitortzea eta horri dagokion finantzazio egokia eskaintzea. Horixe aldarrikatzen dugu. Hori da tendentzia Europan ere. Finlandian, esaterako, unibertsitatean eta hezkuntzan, oro har, sekulako aldaketa egiten ari dira. Unibertsitate finantzaketa sistema goitik behera aldatu dute. Estatuak finantzatzen dituen unibertsitateak diru publikoz %85eko finantzaketa bermatuta edukitzetik, %45 edukitzera pasa dira.

Ildo horretan ikusten dituzu erakundeak eta gizartea?
Une oso egokian gaude. Unibertsitate Sistema horren instrumentu nagusietako bat izan dira unibertsitate planak eta hortik etorri dira kontratu programak. Gainera, bakarra da; izan ere, Espainiako autonomia erkidegoetan ez daukate halakorik. Dena dela, une honetan gabiltza hurrengo Unibertsitate Plana sinatzekotan, eta, horregatik, une egokia iruditzen zaigu gai hau mahaiaren gainean jarri eta erabakiak hartzeko.

Ze harreman daukazue euskal unibertsitateok?
Harreman instituzionalak oso onak dira. Mahai askotan parte hartzen dugu eta erabaki asko hartzen ditugu elkarrekin. Lehia sanoa daukagula uste dut. Gainera, uste dut osagarriak garela ereduetan. Egia da, halere, kanpoko erakundeek, OCDEk, esaterako, leporatu izan digutela gutxi kooperatzen dugula geure artean euskal unibertsitateok.

Ze eskaintzen dio euskal hezkuntzari edo unibertsitate sistemari MUk, beste batzuek eskaintzen ez dutena?
Gure izaera soziala edo herri mugimendutik sortutako proiektua izatea marka bereizgarria da. Lekuko gizartearen beharrei erantzuten dion unibertsitatea da gurea. Titulazioaren eskaintzan, gazteak formatzerakoan… Bestalde, nabarmena da MUn daukan garrantzia profesionalen etengabeko prestakuntzak. Beste bereizgarri bat da ikerketa oso bideratuta dagoela enpresa eta erakundeen beharretara. Ikerketa praktikora bideratuta dagoen unibertsitatea da MU.

Euskal unibertsitateak ze mailatan kokatuko zenituzke Europan?
Prestakuntzaren aldetik, kalitate handikoak gara. Hala aitortzen digute kanpoko unibertsitateek, ikasleak hara bidaltzen ditugunean edo hangoak gurean jasotzen ditugunean. Ikerketari dagokionez, badaukagu aurrera begira lan asko egiteko. Gabezietako bat da kanporako proiekzioa. Euskal unibertsitate sistema ez da oso ikusgarria. Deustuak, akaso, badauka, izen bat, historia bat; EHUk ere bere, tamainarengatik, badauka proiekzio bat. MUren kasua txikiago eta gazteagoa da eta, oro har, ez gara nabarmen ezagunak kanpoan.

Mendeberri izan da azken urteetako iparra MUrendako. Gaur egun ere bai?
Indarrean dago eta gori-gori, gainera. Mendeberritik sortutako hezkuntza proiektuarekin gabiltzalako orain. Orduan aitzindari izan ginen hezkuntza berrikuntzan. Gure unibertsitatearen oinarri izan da azkeneko urteotan eta 2013ko azken hausnarketan, etorkizuneko hezkuntza paradigmara begira jarri gara.

Zela irudikatzen duzue etorkizuneko unibertsitatea?
Sakondu beharko dugu Mendeberriren oinarrian zegoen konpetentzien ereduan. Ezagutza transmititzea baino gehiago, ezagutza barneratu, aplikatu eta horiei dagozkien jarrera batzuk lantzen dituen hezkuntza proiektuan oinarrituko gara. Era berean, konturatzen gara badaudela beste paradigma batzuk, eta horien artean daude pertsonalizazioarena. Jeneralean, unibertsitateko ibilbidea nahikoa zurruna eta homogeneoa da ikasle guztiendako. Eta mundu digitalak eskaintzen dizkigu aukera berriak ikasketa ez horren monolitikoak eta malguagoak egiteko. Horrez gain, globalizazioak dakarren irekiera ere bada beste erronka bat, gure ikasleek kanpoko esperientziak edukitzeko eta nazioartekotzea etxean deitzen dioguna bultzatzeko.

Zer esan nahi duzu nazioartekotzea etxean diozunean?
Kanpoko kultura ezberdinekin harremana izan dezakezu etxean bertan. Kanpotik ikasleak etortzen diren heinean eta gure ikasleekin, ingurune honetan eta gure hezkuntza proiektuan parte hartzen duten heinean. Kulturen arteko konpetentzia horietan geroago eta gehiago sakondu beharko dugu gure ikasleekin.

Europako unibertsitate sistemara konbergentzia egiten lehenetakoa izan zen MU. Ondo egin dio aurre Boloniari?
Bai, baina zailtasunekin, jakina, batez ere ikasle, irakasle eta langilerian kultura aldaketa ekarri zuelako. Oro har egiten dugun balorazioa positiboa da.

Kritikatua izan da Bolonia, alde batzuetatik. MUk dohain gehiago ikusten dizkio kontrakoak baino?
Esango nuke Boloniarekiko baino gehiago beste faktore batzuengatik izan zirela kritikak. Estatu mailan unibertsitate sistemak dituen gabezia edo hutsuneak direla-eta. Guk, berez, Boloniari onurak besterik ez genizkion ikusten.

Zela egin dio aurre krisiari MUk?
Gure kezkarik nagusia da ikasleek dituzten zailtasunak lan munduan murgiltzen direnean. Aurretik bizi ez dugun egoera da. Nahiz eta beste unibertsitate batzuekiko, MUko ikasleen batez besteko desenplegu tasa txikia izan. Hori dela-eta bultzatu ditugu enplegu azokak, esaterako. Gainerakoan, matrikulazio kopurua hazi egin da MUn. Krisi garaian ohikoa da hori eta krisiaren beste txanpona da. Lanik ezak dakar jendea ikasten edo formatzen jartzea. Osterantzean, finantzaketa publikoa asko murriztu da, batez ere Espainiako Gobernutik datorrena.

Aurtengo eskaintzarik esanguratsuena, berritasuna?
Orokorrean, egonkortu egin dira gure eskaintzaren berritasun nagusiak. Ekintzailetasuna sustatzen duen gradua eskaintzen lehenak izan gara eta LEINN gradua beste toki batzuetara zabaldu dugu; gastronomiako gradua abiatu dugu; Ingeniaritzaren kasuan, osasunaren, bio-medikuntzaren edo energiarekin lotutakoak egonkortzen dihardugu… Masterrak ere egonkortzea da helburua eta, aurten, doktorego eskaintza ere finkatu dugu.

Basque Culinary Center da MUren fakultaterik berriena. Apustu sendo eta ausarta izan zen bere garaian gastronomia zientzien fakultatea. Helburuak betetzen diharduzue?
Apustu ausart eta handia izan zen eta balorazio oso positiboa egiten dugu. Unibertsitateari eta beste fakultateei BCCk ze aukera berri eskaini ahal digun aztertzea eta asmatzea da orain erronka.

Zein da BCCk egiten dion ekarpena euskal gizarteari, ekonomiari, hezkuntzari?
Oso adibide interesgarria izan da, agian gutxi espero genuen sektore bati bultzada emateko. Gastronomiak, unibertsitateari begira eta gizarteari begira aukera handiak eskaintzen ditu, jatetxeetatik harago, elikagai, osasun, kultura… alorrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak