Bidegorria saretzen

Irati Goitia 2014ko ira. 15a, 16:00
Arrasate eta Elorregi arteko bidegorrian jendea oinez eta bizikletan.

Gero eta ugariagoak dira bidegorri edo bizikletentzako bideak Debagoienean eta poliki-poliki badoa osatzen sarea.

Herrien arteko lotura 

Herrien arteko bidegorrien eskumena Foru Aldundiarena da. Guztira, 18.485 metro dira dagoeneko eginda dituenak eta beste 26.680 metro dira egitea planifikatuta daudenak. Adibidez, Bergara eta Elorregiko tartea edo Eskoriatza eta Arabako muga lotuko lituzkeena. Proiektu batzuk beste batzuk baino aurreratuago daude. Bergara eta Elorregi artekoa, esaterako, hilabete honetan dira hastekoak. Lanak Campezo enpresari esleitu zaizkio. Aurrekontua 740.889,35 euro da eta  amaituta egon behar dute hiru hilabeteko epean. Hala ere, Tavex enpresa ingururaino iritsiko litzateke zati hori eta 500 metro geldituko lirateke egiteko. Aldunditik adierazi dute Udalarekin eta lursailen jabeekin bidegorriaren trazatua adostutakoan eman beharreko pausoak emango direla azken zati hori egiteko.  

Debagoiena Arabarekin lotuko lukeen bide berdearen proiektua 2007an egin zen, 6,6 milioi euroko aurrekontuarekin. Aldunditik uste dute egitasmo hori merkatu egin daitekeela eta euren asmoa dela datorren urtean hastea zati batzuekin.

Antzuolan, bide berdea

Antzuola eta Bergara komunikatzeko ardura ere Aldundiari dagokio, eta proiektua idazten dabiltza une honetan. Asmoa da datorren urtean egitea zati hau eta baita  GI-632 saihesbidearen lanek kaltetutakoak ere. 

Herritar talde bat, baina, trenbide zaharraren plataforma errekuperatzeko auzolanean aritu da. "Lan hori ikusirik, Aldundia, Udalaren parte hartzearekin batera, plataforma errekuperatzen hasiko da zatika eta lehenengo zatia egiten urrian hastea aurreikusten da, 1,2 kilometro inguru. Era horretara, Bergarainoko lotura egiteko aukera ireki nahi da", adierazi dute Aldunditik. Egun, Bergaratik abiatuta, 6 kilometro inguruan, erabilgarri dago bide berde izaera duen zati hori.   

Bergaran, herria zeharkatzen

Bergara Elorregirekin eta Antzuolarekin lotuko dituen bidegorriak Diputazioaren esku daude, beraz, eta, gehiago edo gutxiago, martxan dauden proiektuak dira. Bergara eta Elorregiko tarte horretan badago puntu beltz bat, Labegaraietan. Izan ere, bizikleta bideak errepidea zeharkatzen du eta puntu arriskutsua da. Aldundiak altuera bat jarrita zeharkatu nahi du bidea, baina Udala ez dago ados. Proposatzen du 100 metro aurrerago zeharkatzea, ikuspegia hobea delako. Lanak esleituta daude dagoeneko, baina oraindik plana aldatu ahal izango dela uste dute Udaletik, eta adostasuna lortu ahal izango dela.       

Herri barruan ere osatu nahi du bidegorria Udalak. Eta hala, hainbat proiektu ditu esku artean une honetan. "Labegaraietatik erdialdera datorren zatia azoka ondoan amaitzen da, baina ez dago loturatik kiroldegi ingurura doan paseoarekin", adierazi du Joseba Moñuxek,  Lurralde Antolamendurako batzordeburuak. Bada, irailaren 17an hasiko dira Oxirondo azoka inguruan egingo den bidegorriko lanak eta azaro amaiera alderako amaituta egotea espero da.

Udala lantzen dabilen beste proiektu bat Lorentxoko eta Lazpiur fabrika ingurua lotuko dituena da. Berez, Soraluzeraino dago  bidea asfaltatuta, baina bidegorri bezala, Mekolaldetik Soraluzera bakarrik. Kasu honetan, proeiktua eskatuta dago, eta esleitzeko bidean. Lanak Gabon aurretik hasiko direla uste du Moñuxek.

Lan horiek egin ostean, Bergara bizikletaz zeharkatzeko moduan geldituko litzateke. Baina erdigunean ere bultzatu nahi du bizikletaren erabilera Udalak. Horrela, beste neurri batzuk ere hartu nahi ditu. Zehazki, 30 km/h mugako guneak ezarri nahi ditu. "Bilera bat egin genuen orain dela hilabete batzuk herritarrekin euren ekarpenak jasotzeko. Guztiak aztertu ostean, badugu proposamen bat. Hala, laster egingo dugu beste bilera bat bergararrei horren berri emateko", azaldu du Moñuxek.

Arrasaten, herritarrekin batera

Arrasaten garatuta dago Gesalibar auzotik araztegirainoko herri barruko bizikleta sarea –oinezkoen zumarditik doana–, baina badira egokitzapenak behar dituzten zatiak. Horrela, Udalak, herri mugikortasuna bermatze aldera, sarea osatzen jarraitu nahi du, eta hainbat bide zati garatu nahi ditu lehenbailehen. Horiek dira, besteak beste: Takolo-Goiru bizikleta bidea eta Etxaluze-Musakolakoa. Lehenengoa eremu horretarako onartutako urbanizazio proiektuaren baitan dago. Bigarrenean dauden bizikleta bidearen aukerak eta bideragarritasuna aztertzeko, hainbat aukera aztertu dira eta proiektua jendaurrean jarri nahi da. Izan ere, Udalak herritarren iritzia jaso eta kontuan izan nahi du [informazio gehiago 11. orrialdean].

Bestalde, Arrasate eta Aretxabaleta lotuko dituen zati bat –73 metro– falta da egiteko, hori Aldundiari dagokio eta laurteko honetan dira egitekoak.

Aretxabaletan, hobetzea nahi

Aretxabaletan ere badoa kolore gorria gailenduz pixkanaka. Udalak hainbat proiektu ditu garatze bidean. Une honetan, udala Basabeazpi ikastolaren eta Santakurtz kaleko 15. zenbakiko zatiaren proiektua idazteko kontratazioa egiteko dago. Bidegorri horrek bi zati izango lituzke: lehena Geltoki plazari dagokiona eta bigarrena Santakurtz kalekoa (27. zenbakitik 15. zenbakirainoko tartea). Lan horiekin bidegorria Kurtzebarri eskolaren aurrealdera ekarriko litzateke, eta, horrela, jolastokitik pasatzea saihestu. Proiektua idazteko aurrekontua 24.000 euro da, BEZa barne. Hasiera baten, baina, ez dago lanak hasteko datarik eta 2015eko udal aurrekontuetan sartuko dira.

24.000 euroko kostutik, 7.920 euro jarriko ditu Foru Aldundiak.  Izan ere, Aldundiak 250.000 euro banatuko ditu mugikortasun iraunkorraren alde, Gipuzkoako 19 udalen artean. Debagoienean, Aretxabaleta, Arrasate eta Bergarak jasoko dute laguntza. Arrasateko Udalak Anboto kaleko bidegorriko lanak egiteko –7.020 euroko diru laguntza– eta Bergarako Udalak aipatutako merkatuko bizikleta bidea atontzeko –35.602 euroko laguntza.

Eskoriatzatik Arabara

Iparraldetik hegoalderaino zeharka daiteke bidegorriz Eskoriatza. Lanak eginda daude. Hala ere, hainbat hobekuntza dira egitekoak. Hala nola argiteria aldatu nahi dute Fagor enpresatik Olazar auzoraino. Led sistemako bonbillak jarri nahi dituzte. Bestalde, Torrebason ume zein helduentzako aisialdirako azpiegiturak jarri nahi dituzte. 

Eskoriatzan bertan amaitzen da Debagoieneko bidegorri sarearen punta bat. Aurrez aipatu bezala, bada Leintz Gatzagarekin eta Arabarekin lotura egiteko proiektua. Joxemari Hercek, Obra eta Zerbitzuetako batzordeburuak, honako hau esan du horren gainean:  "Autobideko lanek eragindako kalte edo ondorioen kalteordain bezala egin behar zen, baina ordutik urte asko pasa dira eta erantzule asko desagertu. Jakin badakigu abuztuan Diputazioko teknikari batzuk neurketak egiten eta laginak hartzen izan direla. Gaiaren gainean bilera bat egingo dela ere jakin dugu".

Oñatin, bizkarrezurra sortzen

“Orain arte, garrantzi handiena zuena egin da. Hau da, herria bailarako herriekin lotzen duen bidegorria”, adierazi du Mikel Biain alkateak. Gaineratu du proiektuak oso harrera ona izan duela herritarren aldetik, eta erabiltzaile asko dituela, bai lanera joateko eta bai aisialdirako.

Orain, herri barruko sarea osatzen joatea gelditzen da. Hainbat kaletan badago bizikletentzako bidea (Errekalde, Euskadi etorbidea, Lazarraga...), baina  hainbat lotura falta dira. “Herriaren beste alderaino eraman nahi dugu, bizkar hezur bat bailitzan. Era horretan, alderik alde oinezko eta bizikletadunen segurtasuna bermatuko lukeen bidegorria izango genuke”, dio Biainek.

Hori gauzatzeko hainbat proiektu ditu esku artean Udalak. Olabarrieta-Ugarkalde, Ugarkalde-San Lorentzo eta Obabarrietako azpi-pasoaren proiektuak eginak daude jada. Olabartako azpiko pasabidearen aurrekontua 209.503,67 euro da BEZ barne. Lanak noiz hasi eta esleipenaren epeak ez daude zehaztuta. Aurretik, lurzoru industrialen prozesuari dagozkion hainbat pauso eman behar direlako. Horretaz gain, Jaurlaritzaren tramite baten zain dira Udalekoak eta badirudi atzerapena izango duela. Paso hori Ugarkalde-Olabarrieta bidegorri tartea eta Ugarkalde-Olakua tartearekin lotuta dago. Hirurak lotuta geldituko lirateke elkarren artean eta errepide nagusia ukitu gabe Olabarrietatik Murgia auzora pasatu ahal izango litzateke. Eta hala, "eraztun berde" bat sortu, oinezko eta bizikletadunen segurtasuna bermatuz.

Euskadi etorbideko bidegorria aldatzea ere proposatzen da Mugikortasun Planean, espaloi gainera ekarrita. Hori, baina, ez dago zehaztuta, hainbat zailtasun tekniko daude-eta.

Aramaio, Elgeta eta Gatzaga

Aramaioko Udaletik adierazi dute ez dagoela bidegorri proiekturik herrirako. Elgetan, paperean ez dute planik, baina badituzte asmoak. Elgeta eta Asentsio lotuko lituzkeen bidegorriaren ideia lantzen jardun du Udalak. Leintz Gatzagan Eskoriatzatik Arabaraino joango litzatekeen bizikletentzako bidearen zain daude, bestalde.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak